Pozuelok, ezin Ohorezko Mailarako azken urratsa eman

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 4a, 12:30
Gernika eta Pozuelo CRCren arteko norgehiagokaren irudia. Arg.: Gernika RT

Jon Ander Puertas kapitain duen Pozuelo CRC ez da Ohorezko mailako igoerako finalean izango. Maiatzaren 2an, igandean, Gernikaren aurkako finalaurreko partida luzapenean galdu zuen talde madrildarrak, 23-20

Neurketa berdindua izan zen Gernikako Ubitarte zelaian. Bi taldeek garaipena lortu eta Ohorezko Mailarako azken lehian egon nahi baitzuten.

Gernikak hautsi zuen husnako berdinketa bigarren minutuan zigor-ostiko bati esker.

Hamazazpigarren minutuan, ordea, Jon Ander Puertasen taldea erasoan zegoela, mele batetik epaileak zigor-entsegua adierazi zuen eta aurretik jarri zen Pozuelo CRC.

Defentsan tinko zeuden bi taldeak eta aurrera egitea zaila zen. Aireko jokoa nagusitu zen eta bai Pozuelo CRC baita Gernika ere zigor-ostikoak izan zituzten markagailuan puntuak gehitzeko. Atsedenaldira 9 eta 10ekoarekin iritsi ziren.

Bigarren zatian, Joan Ander Puertasek zuzentzen zuen taldeak indartsu ekin zion helburuari eta herritarrak berak lortu zuen zati honetako lehen entsegua. 

Gernikak, berriz, zigor-ostikoei esker tartea txikitu zuen eta entsegua ere lortu zuen partida 17na berdintzeko.

Gutxira, aurre hartu zuen Pozuelok zigor-ostiko bati esker. Partidak 17-20 amaituko zuela zirudienean, Gernikak berdinketa lortu zuen.

Kanporaketa partida bakarrera izaki, luzapena jokatu behar izan zuten. Hamar minutuko bi zati jokatu zituzten. Bi taldeak gogor aritu arren, Gernikak joko planteamenduan asmatu zuen  eta zigor-ostiko bati esker lortu zuen garaipena.