Musika, maiatzeko kultur agendaren ardatz

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 3a, 09:30

Lasarte-Oriako Udalak maiatzerako prestatutako jardueren berri eman du eta, ohi bezala, kultur ekimen ugari izango da hasi berri den hilabetean. IX. Musika Asteak tarte berezia izango du, baina zinemak eta antzerkiak ere ez dute hutsik egingo. 

Asteakenean ekingo diote Musika Asteari kultur etxeko auditorioan. Lehen saioan, Macbeth opera digitala ikusteko aukera izango dute kultur etxera bertaratutakoek. Shakespeareren izen bereko tragedian inspiratuta, Giuseppe Verdik osatutako lana da. Emanaldia jatorrizko hizkuntzan gaztelaniazko azpidatziekin izango da, 18:00etan hasita. Sarrerak aurrez erosiz gero, 7,5 euroko salneurria du, 9 euro, egunean bertan erosita.

Ostiralean, hilak 7, berriz,  Arturo Cardelius, Astor Piazzolla eta Isaac Albenizek piezak joko ditu Oiasso Kameratak, Marina Beheretchek lagun duela. Con aire de tangos  19:00etan hasiko da eta sarrera doakoa da. 

Larunbatean, estiloa aldatu, eta Sasibil Elkarte Lirikoak Marina zarzuela ekarriko du kultur etxeko oholtzara, 18:30ean. Egitasmoa amaitzeko, igandean, Thierry Biscary musikari baxenafarrak Muda bigarren diskoko kantak aurkeztuko ditu, 19:00etan. Bi saio hauetarako sarrerak 12 eurotan salgai daude.

Hilabete amaieran, aldiz, Eñaut Elorrietak hartuko dio lekukoa Biscaryri eta Irteera argiak azken lanaren kantak ikus-entzuleei ezagutzera emango dizkie. Maiatzaren 28an, ostirala, 19:00etan izango da. Sarrerak, 5,50€. 

Saritutako filmak

Musikaz gain, beste kultur jarduera batzuk ere izango dira datozen asteetan. Haur zinemak hasiko du gaur bertan ekimen zerrenda, Tessa eta ni filmaren proiekzioarekin; hilaren 23an, igandea, berriz, Tom eta Jerry pelikularen txanda izango da. Bi emanaldiak 17:00etan dira, eta, ohi bezala, sarrerak 3,80 eurotan salgai daude.

Helduen zinema eskaintzari dagokionez, Okendo Zinema Taldearen hitzordua izango da lehena. Hilaren 14an, ostirala, Thomas Vinterberg zinemagile daniarraren Otra ronda (Druk) ikusgai izango da. Nazioarteko film onenaren Oscarra eskuratu berri duen pelikula jatorrizko hizkuntzan gaztelaniazko azpidatziekin proiektatuko dute. Horrez gain, zinemazaleek beste bi emanaldi dituzte maiatzean. Hilaren 16an, igandea, hiru Oscar jaso dituen Nomadland, eta hilaren 30ean, igandea, Una joven prometedora. Hiru saioak 19:00etan hasiko dira eta sarrerak 5,50 eurotan eros daitezke. 

Kabareta eta magia

Antzerkiak ere badu bere tartea kultur agendan. Hilaren 21ean, ostirala, Kabareta konpainiak dantza, musika eta antzerkia uztatzen dituen Esnatu naiz ikuskizuna antzeztuko du kultur etxeko auditorioan, 19:00etan. Sarrerak 3 euro balio du.

Familiei begira, aldiz, magia ikuskizuna. Ezinezkoaren logika emanaldian Hodei Magoak ezinezkoa errealitate bihur daitekeela erakutsiko die ikus-entzuleei. Nola egiten duen ikusi nahi dutenek hilaren 29an, 17:00etatik aurrera dute horren berri izateko aukera. Sarrerak, 3,80 eurotan eskura daitezke. 

Era berean, maiatzaren 21ean amaituko da Lasarte-Oriako XXXV. Literatur Lehiaketa eta Lasarte-Oriako Haur eta Gazteen XXXIV. Literatur Lehiaketara lanak aurkezteko epea.