COVID-19

Bederatzi kutsatu berri erregistratu dituzte Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021eko apirilaren 30a

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako datu epidemiologikoen arabera, ostegunean, bederatzi kasu diagnostikatu dituzte herrian, bezperan zenbatutakoak baino lau gutxiago. Azken hamalau egunetako intzidentzia-tasa metatuak pixka bat gora egin du eta 698,35 da. Amaitzear den hilabete honetan 231 kutsatze baieztatu dituzte Lasarte-Orian.

Beterri-Buruntzako sei udalerrietan 36 kasu diagnostikatu dituzte ostegunean: hamaika, Hernanin; bederatzina, Usurbilen zein Lasarte-Orian;  lau, Andoainen; bi, Astigarragan, eta bakarra, Urnietan. Eskualde osoak eremu gorrian jarraitzen du eta Andoainen izan ezik, intzidentzia-tasa metatuak 400etik urruti daude.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez,  atzo, 11.017 test diagnostiko egin zituzten eta haietako 808 positiboak izan ziren. Kutsatze berri horien lurraldekako banaketa honakoa da: 349 atzeman dituzte Gipuzkoan; 368, Bizkaian; eta 83, Araban. Gainerako zortzi kasuak EAEtik kanpo bizi diren pertsonak dira. 

Ostegunean, COVID-19ak eragindako 96 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzako erietxeetan eta 189 gaixo daude ZIUetan, bezperan baino hiru gutxiago.