Iñigo Altuna: "Lehen gauza eta garrantzitsuena txirrindulariak formatzea da"

Nerea Eizagirre 2021ko api. 30a, 12:00
Iñigo Altuna (eskuinean) iazko Zamorako itzulian taldeko txirrindulari batekin hizketan. Arg.: Vuelta a Zamora

Iñigo Altunak (Lasarte-Oria, 1998) txirrindularitzan profesional izan nahi zuen, hori zen bere ametsa. 2019an, ordea, txirringatik jaistea erabaki zuen: "Ni baino jende hobeagoa zegoela ikusi nuen". Caja Rural Seguros RGA taldeko kide zen eta taldea berak aukera eman zion talde teknikoan lan egiteko. Errepidean txirringarekin istripua izan ostean, aurten "urtea zuri" pasako du, baina etxetik bada ere Caja Rural taldearen nondik norakoak jarraitzen ditu. Altunarekin solastu gara taldearen eta bere lanaren nondik norakoak ezagutzeko.

Zein da zehazki zure lana?

Talde afizionatuan materialaren arduraduna naiz, nik eramaten dut taldeko pabilioia eta mekanikari bezala ere joaten naiz. Batzuetan zuzendari lanak ere egin ditut, bi lasterketa egun berean badaude.

Profesional taldearekin ere mekaniko modura joaten naiz.

Mekaniko lanetan izango duzu lan gehien, ezta?

Bai, lan gehiena ematen duena da. Batez ere erorikoak badaude. Urduritasun handiko momentuak dira. Materiala oso hauskorra da; oso erraz puskatzen diren bizikletak dira eta lana ematen du.

Baina talde batean denek egiten dugu denetik. Zuzendariak laguntzen dizu denean, mekanikoak zuzendaria laguntzen dio eta denen artean denetik egiten dugu. Ez dago rol finko bat.

Baina erorikoetan ez ezik, egunerokoan eta lasterketeran ere mekanikoen lana garrantzitsua da.

Elkarlan bat da. Ezin da pasa lasterketa bat galtzea mekaniko baten erruarengatik. Gerta liteke ere lasterketa irabaztea mekanikoak bere lana ongi egin duelako eta momentu zehatz batean asmatu duelako zer egin eta txirrindulariek asko baloratzen duen gauza bat da.  Eta normalean gustatzen zaie dena egotea ondo. Azkenean bizikleta perfektu egon behar du beti.

Afizionatu mailan, txirrindularien lana da bizikleta zaintzea eta dena perfektu edukitzea.

Profesionaletan ez.  Bakoitzak du etxean bizikleta bat, gero lasterketatarako beste bat, ordezko bat … baina afizionatu mailan, bakarra du. Orduan, beraiek ongi zaindu behar dute txirringa eta guk azken ukituak ematen ditugu lasterketarako prest egoteko. Afizionatuetan lan gehiago dute txirrindulariek.

Iñigo Altuna herritarra Caja Rural RGA Seguros taldeko filialeko talde teknikoan ari da lanean.

Zuzendari lanak egiten dituzula ere aipatu duzu. Zein da bere lana?

Astean zehar, psikologo lana egitea da. Txirrindulari bakoitza bere etxean dago eta bere buruhausteak ditu, bere kezkak, bere gauzak … eta agian ez daki zein motatako lasterketari egin behar dion aurre eta nolakoa den. Orduan, lehen gauza haiekin hitz egin eta lasaitzea da. Zerotik hasi behar da. Lasterketa azaldu teknikoki nolakoa den ibilbidea, haizea, eguraldi txarra egiten badu … dena.

Eta gero parte hartuko duten beste taldeak ikusita estrategia bat egin.  Itzulia, klasikoa edo etapa bat den ikusi eta horren arabera ezberdina izango da. Eta lasterketan denen artean helburua betetzea. Entzungailuekin errazago egiten da. Baina zaila izaten da guztia perfektu ateratzea.

Guztia uztartzea zaila izango da.

Bai, egia esan. Egun bat libre baduzu batean, zerbait egitera bidaltzen dizute. Txirrindularitza horrela da. Egun asko dira etxetik kanpoa, egun asko dira lanean. Eta gustuko baduzu gustura egiten duzun zerbait da.

Konfinamendua amaitzerakoan, esate baterako, hiru hilabete igaro nituen etxetik pasa gabe. Geratu gabe, leku batetik bestera ibili nintzen. Azkenean gustuko duguna da eta gustura egiten dugu.

Zuk gehien bat Caja Rural taldeko filialean egiten duzu lan, zer nolako lana egiten duzue?

Lehen gauza eta garrantzitsuena da txirrindulariak formatzea. Gutxi batzuk lortuko dute profesionalak izatea. Eta bestela, nire kasuan bezala, ez dena txirrindulari profesionala ez dena, beste formakuntza bat ematea bizitzan. Eta badirudi ongi egiten dugula, kritika ugari jaso ditugu talde handia izateagatik, baina nire ustez lan egiteko modua ona dela eta horrela jarraituko dugu.

Horretarako, jarraipen handia egiten da txirrindulari guztiekin. Pertsona bat dago euren errendimenduaz arduratzen dena eta profesional taldean ere badaude beste arduradun batzuk horretan zentratzen direnak. Entrenamenduak, lasterketak … ikustera etortzen dira. Gainean daude, gure bileretara etortzen dira eta guri ere aholkuak ematen dizkigute.

Euren filiala gara, filosofia bera izan behar dugu, pauso berak jarraitu behar ditugu. Guztiok batera egin behar dugu lan. Beraz, txirrindulariengan jartzen dute arreta. Entrenamenduak egiten dira bi taldeekin. Itzuliko etapak ikustera joaten dira afizionatuak. Bi taldeekin egiten da lan.

Zergatik kritika horiek?

Afizionatu mailan lau filial gaude eta profesionaletara txirrindulari gehien igotzen ditugun taldea gara.

Adibidez aurreko urtean zazpi txirrindulari igo genituen eta denboraldia hasi baino lehen kritikatzen den talde ahulagoa genuela. Baina azkenean zazpi txirrindulari onenak kentzen badituzu, normala da taldea ahultzea eta hori seinale ona da. Eta hori da gure lana.

Talde batzuk agian txirrindulari bat pasatzen dute eta talde oso ona uzten dugu afizionatu mailan hurrengo urterako, baina guk nahiago dugu ahalik eta txirrindulari gehienak pasatzea prest daudela ikusten dugunean eta filialean zerotik hasi.

Denboraldia ongi hasi du Caja Rural taldeko filialak...

Bai. Denboraldia hasi dugu eta errepidean, zein mendi bizikletan garaipenak lortu ditugu. Bi hilabete daramatzagu eta ongi hasi dugu urtea. Eta uste dut urte polita izango dugula aurretik.

Marc Brustenga ari da nabarmentzen guztien artean.

Bai, afizionatu mailan, nik uste aurten erreferentzietako bat izango dela.

Hiru urte egin ditu Frantzian, lehen urtea du taldean, baina lehenagotik egon gara bere atzetik. Jende asko datorkigu esanez formatuta hartu duzue , baina bere ibilbidea jarraitu dugu duela urte batzuetatik. Eta nire ustez hurrengo profesionala bera izango da.

23 urte azpiko Italiako Giroko gonbidapena jaso du berriro taldeak. Iaz lehenengoz izan zineten bertan. Nolako esperientzia izan zen?

Esperientzia oso polita da. Iaz berria izan zen denentzat. Bai talde teknikoa, baita txirrindulariak ere joaten ginen lehen aldia zen. Eta hasiberri bezala harrapatu zigun.

Horrelako lasterketetan ikusten duzu benetako maila zein den.

Horretaz gain, Bulgariako itzulian ere izan ginen. Nahiz eta filiala izan, han profesionalekin lehiatu ginen.

Eta aurtengo Girora begira, nola ikusten duzu taldea?

Aurten ez dugu talde eskalatzailea. Italiako giroa baino beste motatako lasterketak ongi datorkigu.

Hala ere, nire ustez hobeto prestatuak joango gara, bai baliabide aldetik, baita prestaketa aldetik ere.

Iñigo Altuna (eskuinean) Caja Rural taldeko kideekin 'In the footsteps of the romans' lasterketan. Arg.: Caja Rural/Iñigo Altuna

Giroaz aparte zeintzuk dira aurtengo hitzordu garrantzitsuak?

Aosta bailarako itzulira, Ronde de L’Isard eta Belgikako Ardenetako klasikora ere gonbidatu gaituzte. Hirurak lasterketa garrantzitsuak dira. Nahiz eta emaitzak ez diren onak izango, zeren maila handia baitago, txirrindularien formakuntzan garrantzitsuak izango dira.

Hemen Espainiako Kopa da gure helburuetako bat eta Espainiako txapelketa.

Egutegi konpletoa dugula uste dut. Lana pilatzen ari zaigu.

Hala ere, helburua hemen gauzak ongi egin eta hemendik kanpo ikastea da.

Profesional taldeak ere Espainiako Itzulirako gonbidapena jaso du.

Bai. Euskal Herriko itzulian egon gara eta Espainiako itzulirako gonbidapena jaso du.  Helburua bietan gauzak ongi egin eta hurrengo urterako gonbidapena lortzea da.

Zail da horrelako lasterketetan parte hartzea?

Espainia mailan talde gehiago ari dira ateratzen eta gonbidapenak garesti daude.

World Tourrean 18 talde bakarrik daude eta beste taldeak gonbidapen bitartez sartu behar dira lasterketetara. Beraz,  errepidean gauzak ongi egin. zeren gai garen erakutsi eta gonbidapenen zain egotea besterik ez da geratzen.

2020 urtea ongi amaitu zenuten, nahiz eta urte arraroa izan.

Bai, urtea zaila izan zen. Hilabete bat egin genuen lehiatzen eta guztia bertan behera geratu zen.

Hor hasi genuen oraindik martxan dagoen formula bat erabiltzen, asteko Zoom bilerak talde osoarekin. Eta egia esan oso ongi ari da funtzionatzen. Nahiz eta batera ezin egon taldea egin eta batzeko balio digu.

Astero egiten hasi ginen, orduan, gehien bat dudak argitzeko egiten genuen. Guztiak urduri zeuden. Ez zegoen berririk eta zeuden berriak oso txarrak ziren.

Eta horrela, gaizki ez banago, ekainaren amaieran Zamoran izan genuen lehen lasterketa. Itzuli bat zen eta irabazi genuen. Beraz, itzulera ongi hasi genuen.

Beraz, itxialdiak ez zuen ondoriorik izan taldean.

Ez dakit ongi edo gaizki. Baina guri konfinamenduak mesede egin zigula esan daiteke. Ongi etorri zaigu behintzat talde bezala gauzei buelta bat emateko.

Hala ere, COVID-aren aurkako neurriek eragina izango dute, ezta?

Bai. Lasterketa asko ari dira bertan behera geratzen, zeren eta antolakuntzako boluntarioak adineko jendea baitira eta beldurra dute. Eta pena bat da.

Taldeari dagokionez, aurten ezin izan dugu ohikoa den kontzentrazioa egin. Neguro bi asteko kontzentrazioa egiten dugu aurten izan da lehen urtea ezin izan duguna egin. Beraz, asteroko Zoom bilera horiek kontzentrazioa izan direla esan daiteke.

Horrez gain, afizionatu mailan, tenperatura kontrolak egiten dira lasterketetan eta guk taldean antigeno testak egiten ditugu astero. Kontrola izan eta zerbait gertatzen bada, lehenbailehen mozteko.

Profesional mailan, lasterketa bat baino lehenago bi PCR egin behar ditugu. Bat aste bat lehenago eta bestea hiru egun lehenago.

Taldeko medikua gure gainean dago eta korrikalariek edozein sintoma dela ere, debekatua dute lasterketara joatea.

Eurek dira lehiaketetan parte hartu nahi dutenak eta zentzuz jokatzen dutela esan daiteke. Denek nahi dute lehiatu eta ez dute iazkoa berriro gertatzea.

Zorrotz daramatzazue neurriak, orduan?

Gaur egun, garrantzitsuena osasuna da.

Saiatzen gara dena ahal den hoberen egiten, baina azkenean gertuko kontaktuak kontrolatze zail da.

Gero gainera, 200 pertsonako pelotoi batera zoaz eta zure taldeko kideak nola dauden badakizu, baina gainerakoak ez. Orduan, hor bakoitzaren ardura dago jokoan.

Egoera normalizatu dela dirudi, hala ere, neurri guztiak gutxi dira gertatzen ari dena kontrolatzeko.