Mugikortasun-eredu "jasangarriago" baterantz

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 30a, 09:50
Ezker-eskuin: Nagore Duran Parte-hartze zinegotzia, Agustin Valdivia alkatea eta Itziar Gurrutxaga udal-teknikaria.

HMJP Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana gauzatzeko bidean, udalerriko mugikortasun-ereduari buruzko azterketa egiten ari da Lasarte-Oriako Udala; lehen fasea da hori. Besteak beste, herritarren iritzia jaso nahi du, eta horretarako, parte-hartze prozesua ireki du; maiatzaren 14ra arte egin ahalko dira ekarpenak, ostiralarekin.

Hiri Mugikortasunerako Jasangarritasun Plana –aurrerantzean, HMJP– egiteko prozesua aurkeztu du Lasarte-Oriako Udalak. Agustin Valdivia alkateak, Parte-hartze zinegotzi Nagore Duranek eta udal-teknikari Itziar Gurrutxagak eman dituzte egitasmo horren zertzeladak. Azpimarratu dute "eraginkorra" izango dela tresna hori Lasarte-Oriako mugikortasun-eredua moldatzeko bidean. Aurreratu dute "udalerriaren argazkia" egiten ari direla orain; bestela esanda, gaur egungo egoera aztertzen.

Herriko mugikortasun-eredua aldatu egin behar dutela uste dute udal-ordezkariek, besteak beste, gaur egungoak "dependentzia handiegia" duelako autoekiko. "Asko erabiltzen dugu, espazio eta energia asko kontsumitzen dugu, eta horrek eragin negatiboa du ingurumenean eta hiri-kalitatean". Zehaztu dute Lasarte-Oriaren hedapenak ekarri duela erabilera bakarrera bideratutako egituren areagotzea, eta haien arteko distantziak handiagoak izatea. "Auto pribatuekiko dugun beharra handitu du horrek". 

Gaur egungo mugikortasun-ereduak autoekiko "dependentzia handiegia" duela esan dute udal-ordezkariek

HMJP planaren "xede nagusiak" hauek dira: "irisgarritasuna hobetzea" eta "ibilgailu pribatuen eragin negatiboak gutxitzea". Horretarako, Udalaren asmoak dira garraio-eredu eraginkorrago bat eratzea; gizarte-integrazioa handitu eta irisgarritasun unibertsalagoa ematea; herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta haien osasun-baldintzak arriskuan ez jartzea; joan-etorriak seguruagoak izatea; eta mugikortasun-eredua iraunkorragoa izatea. "Genero-ikuspegia txertatzea ere funtsezkoa izango da".

Herritarren parte-hartzea 

Aipatu helburu horiek lortzeko bidean "lasarteoriatar guztien inplikazioa eta kontzientziazioa" beharrezkoak direla azpimarratu dute Duranek, Valdiviak eta Gurrutxagak. HMJP plana lehen fasean dago orain, eta horren barruan, parte-hartze prozesu bat abiatu du Udalak, herritarrek gaur egungo mugikortasunari buruz pentsatzen dutena jasotze aldera. Apirilaren 30ean hasi da, ostiralez, eta bi aste barru bukatuko da, maiatzaren 14an. Lasarte-Oriako elkarteen iritziak ere jaso nahi dituztenez, galdetegi bana bidaliko zaie.

Prozesuan parte hartu nahi dutenek hainbat modutan egin dezakete hori. Adibidez, www.lasarte-oria.eus web-orritik deskargatu dezakete galdetegia, bete, eta udaletxeko erregistroan entregatu. Horretarako, 943 37 60 55 telefonoan hitzordua hartu beharko dute. Tramite hori presentzialki egin nahi edo ezin duten lasarteoriatarrek aukera dute telematikoki egiteko: B@kq, Izenpe, NAN elektronikoa edo antzeko identifikazio elektronikoren bat erabili, eta Udalaren atari digitalera igo beharko dute galdetegia. Parte-hartze prozesuan modu zuzenago baten bidez egin nahi dutenek, esteka honetan aurkituko dute dokumentua.

Jasotako informazioarekin, HMJP plana gauzatzen ari den lantaldeak behin-behineko txosten bat aurkeztu beharko du. Hori egiten duenean, lasarteoriatarrei berri emango zaie, eta beste parte-hartze prozesu bat abiatuko du Udalak orduan, behin betiko plana erredaktatu aurretik.

Hiru faseko prozesu teknikoa 

Esan bezala, HMJP plana 1. fasean dago orain, analisia eta diagnosia egitekoarenean. Horretan egingo dira informazio-bilketa, eskaintza eta prestakuntzaren eskariaren azterketa, mugikortasun-ereduaren modelizazioa eta gaur egungo eta etorkizuneko egoeren diagnostiko parte-hartzailea, indarrean dagoen sistemaren indarguneak eta ahulguneak atzemateko. Bigarren fasea ekintza-plana izango da, eta hirugarrena, berriz, tramitazioa. Lasarte-Oriako udalbatzarrak onartu beharko du behin betiko dokumentua.