Jon Ander Puertasen CRC Pozuelok, igoera fasean aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2021eko apirilaren 29a

Jon Ander Puertas final laurdenetako partidako irudian. Arg.: @curu_rugby

Jon Ander Puertas herritarra Ohorezko mailarako igoera jokatzen ari da Madrilgo CRC Pozuelo taldean. Apirilaren 25ean, Unión Rugby Almería Playcar taldearen aurka jokatu zuen final laurdena eta Madrilgo taldea nagusi izan zen eta 36-3 irabazi zuen

CRC Pozuelo taldea erasoan hasi zen lehen minututik. Almeria bere zelaian sartu zuen eta defentsa lan handia egin zuen bertatik atera ez zedin.

Lehen zatia aurrera joan ahala,  atera gerturatzen joan zen Madrilgo taldea eta hamabostgarren minutuan, mele baten ostean, iritsi zen lehen entsegua. Transformazioa ere lortu zuten eta 7-0 jarri zen CRC Pozuelo.

Almeriak ez zuen amore eman eta 20. minutuan, zigor-ostiko batekin tartea murriztu zuen, 7-3. 

Zelai erdian borroka latza izan zuten bi taldeek, baina atera gerturatu eta puntuak lortu zituen bakarra Jon Ander Puertasen taldea izan zen. 

Bi zigor-ostiko, zigor-entsegu bat eta entsegu baten ostean, Madrilgo taldearen aldeko 20 eta 3ko markagailuarekin joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian ere Madrilgo taldeak estrategia berdina jarraitu zuen. Defentsan irmo egon zen eta erasoan aukerak ongi baliatu zituen. Ondorioz, bi entsegu egin eta bi zigor-ostiko transformatu  zituzten. Azken markagailua 36-3 izan zen.

CRC Pozueloko komunikazio sailari eskainitako elkarrizketan, Jon Ander Puertas herritarra pozarren zegoen final laurdenean taldeak egindako lanarekin. Hurrengo partidan dinamika berarekin jarraitu behar dutela nabarmendu eta mailaz maila igotzea espero duela adierazi zuen.

Gernika, finalaurreko arerio

Garaipenari esker, Ohorezko Mailarako igoerako bidean aurrera egingo du CRC Pozuelok. 

Finalerdian arerio zaila izango du aurrez aurre Madrilgo taldeak, Gernika. Hitzordua igande eguerdian da Gernikako Ubitarte zelaian.

Talde gernikarra garaituz gero, pauso bakarra faltako du Puertasen taldeak Ohorezko mailara iristeko. Finalean, La Vila edo Hernaniren arteko finalerdiko irabazlea izango du aurkari.