Artetxeri finalerako txartelak, eskuetatik ihes

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 28a, 14:15
Jon Pello Artetxe ezin izan da Ekialdeko finalera sailkatu.

Intza Pilota elkarteko Jon Pello Artetxeri ihes egin zion lau eta erdiko txapelketako Ekialdeko finaleko sailkapenak. Hernaniko Salaberria izan zuen aurrez aurre. Partida ona jokatu zuen herritarrak. Momentu oro aurretik joan zen arren, ez zuen partida amaitzen jakin eta azkenean, 22-21 galdu zuen

Partida hasi baino lehen Artetxek astean zehar izandako sorbaldako minak kezkatua zuen arren, ongi berotu eta partidari inongo minik gabe ekin zion.

Lehen tantoetan bi jokalarien urduritasuna nabaria zen. Artetxek, ordea, hobetu kudeatu zituen nerbioak eta laster lortu zuen aurre hartzea.

Pixkanaka jokoan nagusitu eta tartea irekitzen joan zen herritarra.

Markagailuan 16-10ekoa zegoela bi tanto gogor jokatu zituzten. Salaberria ongi suspertu zen; Artetxe, ordea, akatsak egiten hasi zen.

18-21era iritsi zen markagailua. Tamalez, Intzako pilotariak garaipena eskuan zuenean, ez zen bere azken sakearekin partida biribiltzera iritsi. 

Salaberriak, berriz, gerturatzen zihoala ikusirik, konfiantza hartu zuen. Partidari buelta eman eta Ekialdeko finalerako txartela lortu zuen Hernaniko pilotariak.

Udaberri txapelketa

Atsedenik ez du izango Artetxek, ordea. Lau eta erdiko txapelketari agur esan eta Udaberri txapelketa jokatzen hasiko da. Oraingoan bikotekako lehiari egin beharko dio aurre Mikel Elola lagun duela.

Zumaiaren aurka jokatuko dute igandean lehen jardunaldia Michelin kirol guneko pilotalekuan.

Bestalde, 2. mailako kadete bikoteak ere parte hartuko du txapelketa honetan. Intzako bikoteak Ilunpe izango du aurkari Azpeitian.

Atarikoa jokatu behar

Pilota profesionalean, berriz, Baiko pilota enpresak maiatzaren 16an hasiko den Buruz Buruko EPEL 2021 txapelketan parte hartuko duten pilotarien izenak iragarri ditu.

Enpresak sei pilotari aurkeztuko ditu txapelketara. Bost ziurrak dira: Jaka, Urrutikoetxea, Agirre, Bengoetxea VI.a eta Peña II.a; seigarrena atariko batean erabakiko da. 

Maiatzaren 7an, Arteaga II herritarrak eta Artolak neurtuko dituzte indarrak, Zallan azken postu hori lortzeko.