Musika Asteak emango dio ongietorria maiatzari

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 28a, 15:50

Danok Kide elkarteak eta udalak elkarlanean antolatu duten Musika Astearen barruan, lau ekitaldi "oso garrantzitsu" izango direla iragarri dute antolatzaileek

Asteazken goizean egin dute Musika Astearen aurkezpena, Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan eta datorren hilabeteari hasiera emateko prestatu dituzten ekitaldien berri eman dute ekitaldian parte hartuko duten taldeetako ordezkariek eta udal ordezkariek. 

Giuseppe Verdiren Macbeth opera (bertsio digitala) izango da maiatzeko Musika Asteako lehen ekitaldia. Hilaren 5ean izango da, 18:00etan, Manuel Lekuona kultur etxeko areto nagusian. 

Horri jarraiki, maiatzaren 7an 19:00etan, Oiasso Kameratak emanaldia eskainiko du, auditorioan. Brigidatarren komentuan eskaini behar zuten emanaldia, Musika Topaketa zikloaren baitan, baina COVID-19ak eragindako egoera medio, bertan behera geratu zen eta orain, Musika Astearen barruan txertatu dute. 

Hamabost harizko instrumentu jotzaile arituko dira taulagainean, horien artean herritar bat ere bai: Tomas Ruti biolin-jotzailea. Maider Aizpurua Irungo kameratako lehendakari eta biolin-jotzaileak azaldu du tango aireak izango dituen bidaia batean murgilduko direla ikus-entzuleak. Marina Beheretche biolin-jotzaile solistaren parte hartzeari egin dio azpimarra. 

Brian Balmages, Arturo Cardelús, Astor Piazzolla, Isaac Albéniz, Alberto Williams, Carlos Guastavino, Aldemaro Romero eta Sting-The police konpositoreen musika interpretatuko dutela iragarri dute. 

Opera ere bai

Maiatzaren 8an, larunbata, Sasibill elkarte lirikoaren eskutik Marina opera saioa izango da kultur etxeko auditorioan. Hori aurkeztu dute Daniel Miguel eta Josean Garcia elkarteko lehendakariak eta zuzendari artistikoak, hurrenez hurren. Ikusentzuleak Lloret de Marreko herri arrantzale batean kokatuko dituela iragarri dute elkarteko ordezkariek. 

Horrekin batera, operan parte hartuko duten pertsonaiak ere aurkeztu dituzte. Ximena Agurto arituko da Marinaren paperean, eta berarekin batera Manuel de Diego, Antonio Torres, Armando del Hoyo, Estibalitz Arroyo, Julen Garcia eta Daro Maya. Horiez gain, Sasibill abesbatzak arrantzaleak interpretatuko ditu, Sasibill orkestra ere oholtza gainean izango da. Arkaitz Mendoza da musika zuzendaria eta Josean Garcia, berriz, zuzendari artistikoa. 

Thierry Biscaryren 'Muda'

Igandean, maiatzaren 9an, berriz, Thierry Biscary musikariaren emanaldiaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Muda izeneko bere azken lana ekarriko du kultur etxeko auditorioko oholtzara. Kalakan taldetik aldendu zenetik, bakarkako ibilbideari ekin eta bide horretan osatu duen hirugarren lana da, eta Uxue Alberdi, Jon Benito, Itxaro Borda, Xabier Euzkitze eta Jon Maiaren hitzak erabili ditu abestiak ehuntzeko. Ahotsa jarriko die Biscaryk kantuei, eta musika instrumentu ezberdinak jotzen dituzten musikariekin batera oholtzaratuko da.