Lan aukerak hobetzen dituelako, Lanbide Heziketa euskaraz egiteko deia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 27a, 18:04

Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordokik eta EAGI Eraikin Adimenduenen Garapen Iraunkorreko Lanbide Heziketako zuzendari Lidia Alcerrekak, ikasleak D ereduan matrikulatzera animatu dituzte, etorkizun laboral hobea izateko aukerak gehitzen dituelako

Urte sasoi honetan gazte askok erabakitzen dute zein lanbide ziklotan izena eman. Ez da erabaki erraza izaten eta Buruntzaldeako Udalek laguntza eskaintzen diete gazte horiei. Horrela azaldu du Jon Antxordoki Euskara Zerbitzuko buruak eta D ereduan euskaraz egitera animatu nahi dituzte

Jakinarazi dute Buruntzaldeko Udalak eta ikastetxeak konpromisoak ari direla lantzen, ikasleak lantokiko prestakuntza egitera doazen enpresetan praktikaldiak ere euskaraz egin ditzaten. Enpresek "begi onez" hartu dute egitasmoa, euskaraz trebatutako langileek "balio erantsia" ematen diotelako enpresaren jardunari. Horrekin batera, azaldu dute eragina izaten duela gainerako langileen hizkuntza erabileran. 

Gainera, erdi-mailako heziketa-zikloa euskaraz egiten dutenek euskarazko B1 titulua baliokidetuta izango dutela ere jakinarazi dute eta goi-mailakoa egiten dutenek, berriz, B2a, administrazioko 2. hizkuntza-eskakizunaren edo profilaren parekoa.

Lidia Alcerrekak, EAGI Eraikin Adimendunen Garapen Iraunkorreko Lanbide Heziketa zentroko zuzendariak, adierazi du Lasarte-Orian ere badagoela Heziketa Zikloak ikasteko aukera. Zehazki, beraien ikastetxean eraikuntzarekin lotutako erdi-mailako Eraikuntzako Teknikaria eta Barruko Obrak, Dekorazioa eta Birgaitzeko Teknikaria zikloak eta goi-mailako ziklo Eraikuntza-Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko Goi-Mailako Teknikaria zikloa aurkeztu ditu. Azaldu du horietan matrikulatu nahi duten ikasleei D, B zein A ereduan matrikulatzeko aukera ematen zaiela, gaineratuz, aukerak dauden guztietan eskolak euskaraz ematen dituztela, irakasle gehien gehienak gaituta daudelako.

Interesa dutenek ondoko estekan klikatuta jaso dezakete informazio gehiago (https://eagi.eus). Ikastetxea bisitatzera joateko gonbita ere luzatu du.