Pandemiaren eraginez, 2021 urteko kadte mailako lehen txapelketa izan da Gipuzkoako txapelketa. Irailetik hona landu dutena erakusteko aukera izan dute LOKEko bost judoka gaztek eta hiruk podiumeko hirugarren mailara igotzea lortu dute. Mario Herrero, Ekhi de la Cruz eta Oier Guisado izan dira brontzezko domina jantzi dutenak.
Hirurek lan ederra egin dute Gorka Aristegi judo ataleko arduradunak azaldu duenez.
60 kilo azpiko mailako lehian parte hartu zuen Mario Herrerok. Gazteak hiru borroka egin behar izan zituen domina irabazteko.
Ekhi de La Cruz 73 kilo azpiko mailan lehiatu zen. Lehen borrokaldi txandaren ostean, hiruko berdinketa egon zen maila horretan. Ondorioz, beste txanda bat egin behar izan zuten eta horretan, hirugarren geratu zen herriko gaztea.
Oier Guisadok, berriz, 90 kilo azpiko mailan lortu zuen brontzezko domina. Borroketan min hartu arren, gazteak ongi erantzun zuen eta hirugarren postuan egotea lortu zuen.
Lehen urtea
Julen Ugarte eta Unai Guisado gazteek ere parte hartu zuten txapelketan. Aristegik nabarmendu duenez, "ez zuten zorterik izan. Lehian lehen urteko kadeteak izatea nabaritu zuten."
Emaitzak emaitza, LOKE Judoko arduraduna pozarren dago kadete guztiek egindako lanarekin.