Hasierak ez dira errazak izaten eta horren jakitun, pozik zeuden Kukukako arduradunak parte hartzearekin. Martxoaren 27an ospatzen den Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren inguruko ekimenen artean, aurten estreinakoz bideo txapelketa antolatu dute eta hiru lan jaso dituzte. "Ez genuen espero, gutxi ematen du; baina asko da", aitortu du Puri Fadriquek, "pixkana-pixkana egiten dira gauzak".
- Tablet batengatik: LH4 mailako Nahia eta Miren Alkorta ahizpek, aitaren laguntzarekin, westernetan inspiratutako lana egin dute.
- Beti elkarrekin: Adiskidetasunaren garrantziari buruzko bideoa egin dute Nora Gallardo, Iris Lava, Aiora Toquero, Ander Prado, Erika Otermin eta Leire Luna DBH2-ko ikasleek.
-
Spook Sccary Skeletons: Gorputz espresioan oinarritutako bideoa osatu du LH2 mailako Haritz Altunak.
Partaide guztiei aitortza egin diete eguerdiko ekitaldi xumean. Diploma eta Kukukaren kamiseta bana jaso dute opari, "Kukuka hasi zenean egin genituen lehen kamisetak dira", ohartarazi die Fadriquek eman dietenaren balioa nabarmenduz. Irabazle izan diren Alkorta ahizpek, gainera, maiatzeko haurren antzerkirako lau sarrera ere eskuratu dituzte.
Irabazleen eta Kukukako kideen talde argazkiarekin bukatu dute sari-banaketa.
Hiru bideoak ikusgai daude Kukukaren webgunean.