Musikaren salbazioa ekarri du Gatibuk

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 24a, 11:10

Sarrerak agortuta zeuden talde bizkaitarrak kultur etxean eman beharreko kontzerturako. Ohiko formatua moldatu eta emanaldi akustikoa egin dute, 20 urteko ibilbideko abesti ezagunak eta azken diskoko beste batzuk uztartuta. 

"Lasai" hasi zuten kontzertua, Musikak salbatuko gaitu azken diskoko bi kantak amaituta Gaizka Salazar bateria jotzaileak esan bezala. Emanaldiaren aurretik TXINTXARRIri adierazi bezala, kontzertu berezia izan zen, giro intimoagoarekin. Musikariek elkarren artean edo publikoari hitz egin zioten hainbatetan, eta erritmoa ohikoa baino mantsoagoa bazen ere, inor ez zen aspertu. Guztiz kontrakoa. 

Bi hamarkadako ibilbidean klasiko bilakatu diren kantan ez ziren falta izan, Urepel kasu, eta akustikoan lehenegoz jo zituzten beste zenbait. Liburuaren Eguna zela baliatuta, Euskal Herrian den Joseba Sarrionandiari kanta bat eskaini zioten; emanaldiak aurrera egin eta Ihes abesteko txanda heltzean, ordea, gitarra jotzaile Haimar Arejitak hura aproposagoa zela onartu zuen. "Berarentzat" esanez ebatzi zuten kontua Alex Sarduik.

Abeslariari kosta egin zitzaion batzuetan eserita aritzea, dantza egiteari ez baitzion uko egin. Askatasuna aldarrikatu zuen behin baino gehiagotan eta pandemiak zapuztutako bi hamarkaden ospakizuna egiteko nahia ere adierazi zuten. 

Erlazionatuak