Tontorrera doaz, euskal presoen etxeratzea aldarrikatzera

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 6a, 12:32

Presoen etxeratzea aldarrikatzeko, Sare Herritarrak deituta Euskal Herriko 650 mendi ezagun igoko dira larunbat honetan, maiatzak 8. Lasarteoriatarrek bat egin dute 'Izan Bidea' dinamikarekin, eta Benedika eta Buruntzara joango direla iragarri dute. 09:30ean abiatuko dira, Okendo plazatik

Maiatzaren 8an, larunbatarekin, Izan Bidea dinamikarekin bat eginik, Benedika eta Buruntzara joango dira hainbat herritar. Presoen etxeratzea aldarrikatuko dute, eta, helburu hori lortzeko, urruntze-politika bertan behera uztea eta gradu-progresioa preso guztiei aplikatzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. 

Euskal Herri mailan 650 gailur igoko dituzte. Urriaren 3an egin asmo zuten ekitaldi hori, baina atzeratu egin behar izan zuten, eguraldi txarra zela eta.

Gero eta gehiago

Orain, are gogotsuago eta indartsuago ekingo diotela azpimarratu dute agerraldia. Nabarmendu dute, ez daudela etxean geratzeko prest, eta gero eta gehiago direla ibiltarien sare hori osatzen dutenak,  kilometroak egiten ari direnak. Denak helburu bera lortzeko bidean ari direla urratsak ematen: "euskal presoen egoera konpontzea eta bizikidetza eta bakea lortzeko bidean aurrera egitea".  

Horrela, lasarteoriatarrei dei egin diete datorren maiatzaren 8ko ekimenarekin bat egin eta ibilaldira animatu daitezen. Hau da prestatu duten egitaraua:

  • 09:30ean, irteera Okendo plazatik
  • 10:30ean, argazkia Benedikan
  • 11:00etan, Azkorte
  • 11:30ean, Buruntzan argazkia, irrintzia eta kantua.

Herritarren ahotsa

Lasarte-Oriako Sareko kideekin batera, mendian ibiltzea gustuko duten zenbait herritar ere joan dira prentsaurrekora; besteak beste, Alex Tetuan. Makina bat tontor igoak ditu lasarteoriatarra, azaldu du mendian hasi zen garaian, "beteranoei esker" ikasi zuela mendiak ezagutzen, erritmoak hartzen, eta abar. Gaineratu du, mendian ibiltzearen poderioz, eguneroko bizitzarako ezinbestekoak diren zenbait balore barneratzen joan zirela. Horien adibideak ere jarri ditu:elkartasuna, esfortzua eta adiskidetasuna, besteak beste.

Mendira joatearen eta aske sentitzearen arteko lotura ere egin du; sinonimoak baitira herritarrarentzat mendia eta askatasuna. Maiatzaren 8ko ekimena baliatu nahi du, askatasuna behar dutenei, elkartasuna adierazteko. 

Ikusi mendizaleak abestuz eman diote amaiera agerraldiari.