COVID-19

Zazpi kutsatu gehiago daude Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 23a, 12:34

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren hedatzeari buruzko datuak ezagutarazi dituzte eguerdian. Argitaratutako txostenaren arabera, ostegunean zazpi kasu baieztatu dituzte herrian; bezperan zenbatutakoen erdia dira eta aste honetako kopuru txikiena. Hortaz, intzidentzia-tasa metatuak pixka bat behera egin du eta 582,83 da egun. Edonola, azkenak batuta, apirilak emandakoan, 162 kutsatze erregistratu dituzte.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan 31 kutsatu berri atzeman dituzte ostegunean, bezperan baino hamazazpi gutxiago. Herriz herriko zenbaketa honakoa da: Zortzi, Hernanin; zazpina, Hernanin eta Lasarte-Orian; lau, Urnietan; hiru, Astigarragan; eta bi, Usurbilen. 

 

Euskal Autonomia Erkidegoan 10.907 proba diagnostiko egin zituzten atzo eta haien bidez 978 kutsatze baieztatu zituzten. Positibo tasa, %9.0 da. Kasu berrien lurraldekako banaketa honakoa da: 431, Gipuzkoan; 425, Bizkaian; 117, Araban; eta beste erkidego edo tokietako bost. Osakidetzako erietxeei dagokienez,  berriz, COVID-19ak eragindako 114 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta 173 gaixo daude ZIUEtan.