Aitor Anabitarte: "Oso zaila ikusten dut egunen batean NBAko taldean jokatzea"

Nerea Eizagirre 2021ko api. 23a, 13:00

AItor Anabitarte Fighting Saints taldearekin jokoan. Arg.: Fighting Saints

Donostiako Easo taldetik Illinoiseko Saint Francis Unibertsitateko Fighting Saints taldera. Illinoiseko Joliet herriko Saint Francis Unibertsitatean ikasten ari da Aitor Anabitarte  (Lasarte-Oria, 2002) herritarra.  Matematika eta Informatika konbinatzen dituen karrera bat ikasten ari da, baita saskibaloian jokatzen ere. Lau urtez izango da bertan. Bere hautuaren, saskibaloiaren eta beste gai batzuen gainean solastu gara harekin

Zergatik aukeratu zenituen Estatu Batuak ikasketak burutzeko?

Amerikako Estatu Batuetan ikasteko erabakia hartzera bultzatu ninduen arrazoi nagusietako bat saskibaloia eta ikasketak, biak batera, aurrera eramateko aukera izan zen.

Hemen, unibertsitateek kirol taldeak dituzte, unibertsitateko ikaslez osatuak, beraz, erraztasunak eta laguntza eskaintzen dute biak egin ahal izateko. Horretaz gain, esperientzia paregabe bat bizitzeko aukera ezinhobea da.

Eta nola jakin zenuen Joliet herriko Saint Francis Unibertsitatearen berri?

Agentzia baten laguntzarekin, nire jokaldien bideo bat prestatu eta AEBetako selektibitatea egin nituen. Hortik aurrera, unibertsitateak jartzen dira zurekin kontaktuan. Nire kasuan, Saint Franciseko entrenatzailea interesatu zen, eta Jolietera etortzea erabaki nuen.

Dirulaguntza berezi baterekin joan zara?

Bai. Unibertsitatea oso oso garestia da AEBetan, beraz, beka akademiko eta kirol arloko batekin ari naiz ikasten.

Saskibaloi taldean ari zara jokatzen. Nola moldatu zara?

Zorte handia izan dut, eta aurten nazioarteko beste bi jokalari berri iritsi dira taldera, israeldar bat eta Zeelanda Berriko bat. Gainera, beste bi australiar eta taiwandar bat ere bazeuden aldez aurretik taldean. 

Hori oso lagungarria izan zen hemengo bizimodura ohitzeko prozesuan, taldekideek berria zarela dakitelako, eta beti laguntzeko prest agertzen direlako.

Zein desberdintasun aurkitu dituzu hango eta hemengo jokatzeko moduaren artean? 

Jokatzeko modua ezberdina da guztiz. Hemen jokoa askoz dinamiko eta azkarragoa da orokorrean. Hiru puntuko jaurtiketak eta kontraerasoak gehiago erabiltzen dira.

Gainera, jokoa indibidualagoa dela ere esango nuke. Bat-baten aurkakoari etxean baino garrantzi handiagoa ematen zaio.

Jokatzeko modutik kanpo, talde zabalagoa dugu hemen: hamabost jokalaritik gora gara taldean.

Nola uztartzen dituzu ikasketak eta entrenamenduak edo partidak?

Unibertsitateak biak uztartzeko erraztasunak ematen dizkizu, klaseek eta entrenamenduek ez koinziditzeko, baina, hala ere, ez da erraza. Denboraldian zehar, ia egunero entrenatzen dugu, eta asteazken eta larunbatetan normalean partidak ditugu. 

Horretaz gain, klase artean entrenamendu indibidualak egiteko aukera ere izaten dugu. Yoga ere egiten dugu astean behin, erlaxatzeko eta luzaketak egiteko. 

Ondorioz, klaseetatik kanpo dudan denbora gehiena entrenatzen edo eskolako lanak egiten igarotzen dut. Ondo antolatzea eta lanak egunera eramatea oso garrantzitsua da, eta batzuetan kosta egiten da.

Aitor Anabitarte, Chicagoko 'Cloud Gate' eskulturaren aurrean. Arg.: A. Anabitarte

Zein ligatan jokatzen duzue?

NAIA ligan jokatzen dugu guk. Aurtengo denboraldia laburragoa eta berezia izan da, birusa dela eta. Baino normalean 30 partidu inguruko liga bat jokatzen da, eta amaieran lehen zortziek torneo bat jokatzen dute, Txapelketa Nazionalerako sailkapena lortzeko.

Beraz, denboraldia amaitu duzue?

Bai, gure denboraldia amaitu da dagoeneko, torneoko lehen partida galdu genuelako. 

Hala ere, oraindik entrenatzen jarraitzen dugu, forma fisikoa mantentzeko.

Zure estatistikak aztertuta ez dituzu ehuneko txarrak egin. 21 partidatan, 127 minutu jokatu eta 50 saskiratze egin dituzu. 43 errebote jaso dituzu, horietatik erasoan hamahiru eta 30 defentsan. Bederatzi asistentzia eman dituzu. Espero zenituen horrelako datuak? 

Estatistika onak direla uste dut. Lehen urteko jokalaria izanik eta nire postu berdinean bi senior izanda, ez dut minutu gehiegi jokatzeko aukerarik izan. Hala ere, jokatu dudanean, ahalik eta probetxu handiena ateratzen saiatu naiz. 

Hasieran kosta zitzaidan hemengo estilo eta sistemetara ohitzea, baino pixkanaka geroz eta erosoago sentitu naiz kantxan. Orain, hurrengo denboraldiari begira lanean jarraitzea tokatzen da, ea aurreko urtean lortutakoa hobetzea lortzen dugun.

Nola eragiten du COVID-19ak zure egunerokotasunean? Eta kirolean? Etenik izan al duzue? Edo partida bertan behera geratzea?

COVID-19ak eragin handia izan du gure egunerokoan. Kanpusean eta baita entrenamenduetan ere, maskara jantzita eraman behar dugu derrigorrez. Horrek kantxan oso erraz nekatzea eragiten du, eta kosta egin zitzaigun ohitzea.

Klase asko online izan nituen lehen seihilekoan, eta toki guztietan bi metroko distantzia mantendu beharra dago. 

Gainera, denboraldi erdian, taldekide batek positibo eman zuen eta berrogeialdia egin behar izan genuen. Denboraldian zehar ere partida batzuk ere bertan behera utzi edo atzeratu ere egin behar izan ditugu. Dena berezia izan da zentzu guztietan.

Illinois estatuko saskibaloi-talde bat aipatzekotan, Chicago Bulls izango litzateke nabarmena. Zure gustukoa da? Etorkizunean bertan jokatzea gustuko al zenuke?

Chicago Bulls taldea beti izan dut gogoko, eta oraindik partida bat ikustera joateko plana pendiente daukat.

Hala ere, oso zaila ikusten dut egunen batean NBAko taldean jokatzea, baina aukera izanez gero, Bullsen jokatzea asko gustatuko litzaidake.