Gaizka Salazar: "Gatibu ikusiko dute, seguraski, inoiz ikusi ez duten bezala"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 23a, 11:00
Gatibuk Donostia Festibalean jo zueneko artxiboko irudi bat.

Ohiko formatuan ez, baina Gatibu musika taldeak emanaldi "intimoagoa" eskainiko du gaur, 19:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean. Abesti rockero eta klasikoak ez dira faltako, eta azken diskoko kantuekin ere gozatu ahal izango dute bertaratzen diren ikus-entzuleek. Hitzorduaren gainean galdetzeko, Gaizka Salazar bateria-jotzailea elkarrizketatu du TXINTXARRI-k.

Zerekin egingo du topo gaurko kontzertura joango den ikus-entzuleak?

Ikusiko ditu Gatiburen kantu klasikoak eta disko berriko abestiak, baina era akustiko batean, beste formatu batean, beste konponketa batzuekin eta era intimoago batean.

Musikak salbatuko gaitu da disko berriaren izenburua. Bizi dugun pandemia garai hauetarako aproposa, ezta? Antzematen duzue jendeak kultura kontsumitzeko beharra duela?

Duda gabe jendeak kontzertuetara joateko gogo asko dauzkala antzematen dugu, orokorrean kultura kontsumitzeko. Izugarri nabaritzen dugu, gure jarraitzaileek eskatzen dizkigute pandemia garaiko ohiko kontzertuak, rockeroak, publiko gehiagorekin, beste testuinguru bateko emanaldiak. Baina, orain, dagoenarekin konformatu beharko gara. Jendeak gogo asko du, bai.

Eta nolakoa da disko berria?

Disko helduagoa da, urteak aurrera doaz eta gu ere helduagoak gara. Abestien artean, Egurre emon, adibidez rockeroagoa da, baina orokorrean helduagoa da. Letrak ere zainduagoak daude, eta, besteak beste, elektronikarentzako tartea dago. Kantu pare bat ere badaude tenpo erdikoak… Oso pozik gaude azken diskoarekin. Uste dut, kaleratutakoak kontutan hartuz hoberena ez bada, hoberenetarikoa dela. Kantu positiboez beteta dago. Pandemia garai hauetarako aproposa; Gatibuk, beti dauka sen hori, eta jarraitzen dugu ildo horretatik.

Zein harrera eduki du entzule eta jarraitzaileen artean?

Harrera oso ona izan da. Pena da ezin dugula ohiko zuzeneko saioetan aurkeztu eta jo, hortaz, badago sentsazio gazi-gozo bat. Kontzertuak era normalean egin nahi ditugu; disko honek ere behar du betiko formatu horretan aurkeztea, baina, momentuz, ezinezkoa da

Nolako emanaldiak izaten ari dira garai hauetakoak?

Intimoagoak izaten ari dira. Kantuak ez dira hain rockeroak; gitarra, perkusioa, bateria eta ahotsa bakarrik dago emanaldietan; biluziago daude abestiak. Horrek, ordea, badauka bere xarma. Gu izugarri disfrutatzen ari gara, abestiak beste toki batetara eramateko eta hori, guretzako, musikari bezala oso aberasgarria izaten ari da.

Nola eragin dizue COVID-19ak?

Ba pentsa, nahikoa kontzertu geneuzkan , horien artean, guretzat mugarri izango zen Gatiburen XX. urteurreneko kontzertua. Miribillan ospatuko genuen 6.000 pertsonen aurrean. Hitzordu garrantzitsu hori atzeratzen joan gara, eta, printzipioz, azaroan egingo dugu, nahiz eta ez dakigun oraindik ere posible izango den ala ez.

Musikari izanda, guretzako naturalena dena moztu egin digute. Aldaketa handi handia izan da. Diru sarrera oso gutxi izan ditugu. Gainera, Gatibun ez gara musikariak bakarrik, inguruan teknikariak eta jende asko dago eta ekonomikoki ere nahiko gaizki pasatzen ari gara..

Zer eskatzen diezu gaur arratsaldeko kontzertura joango direnei?

Disfrutatzeko. Hirukote bezala goazenez, Gatibu ikusiko dutela, seguraski inoiz ikusi ez duten bezala eta gozatu dezatela. Formatu txikiago batean izango den arren, berezia izango da.