Kadete mailako derbian Ostadarrek Texas Lasartearra garaitu zuen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 22a, 12:30

Michelin kirol gunean kadete mailako Ostadar A eta Texas Lasartearra taldeen arteko derbia  izan zen larunbatean. Bi taldeen arteko partida polita ikusi zen. Ostadar SKTko kadeteek aukerei probetxu handia atera zieten; Texas Lasartearra taldeko kideek, berriz, ez zuten zorterik izan ate aurrean. Urdin-beltzek lortu zuten garaipena, 2-0

Lehen zatiko hasieran indarrak berdinduak egon ziren. Ostadar SKTko kadete taldea urduri atera zen. Texas Lasartearra hobeto kokatu zen partidan eta lehen minutuetan arerioaren atea arriskuan jarri zuen behin baino gehiagotan.

Partida aurrera joan ahala, Ostadar SKT jokora moldatu eta baloiaren jabetza bereganatzea lortu zuen. Gainera, Texasen ahultasunak bilatu zituen. 

"Euren jokatzeko sistema dela eta, hegaletan nagusi ginen. Hortik sortu genituen aukera gehien," azaldu du Ostadar SKTko kadete mailako entrenatzaile Beñat Loiartek.

Atsedenaldira iritsi baino lehen, iritsi zen talde urdin-beltzaren gola. Falta jaurtiketa batean estrategiako jokaldia egin eta gola egin zuen.

Lehen zatiaren amaieraren antzera, Ostadar SKTko kadeteek baloia lasai mugitzen zuten zelaitik. Yonatan Monroyren taldeak zailtasun ugari aurkitu zituen erasoa sortzeko.

Talde urdin-beltzeko gazteen kasuan, berriz, atzetik jokaldia hasi eta hainbatetan Texasen atera iritsi ziren. Horietako batean, gainera, lanak fruitua izan zuen eta bigarren gola egin zuten.

Ostean, Ostadarreko kadeteak nagusitasunez jokatu zuten. Arrisku jokaldi ugari sortu zituzten eta gol bat ere baliogabetu zien epaileak. Texas Lasartearra taldeko kadeteek ezin izan zuten  ezer egin.

'Partida polita'
Partidaren irakurketa ona egin dute Ostadar SKTko taldeko teknikariek. Jose Manuel Loiarte 'Gorri' Ostadar kadete taldeko  entrenatzailearen laguntzaileak nabarmendu duenez, "denboraldiko partidarik hoberena egin dute eta maila polita erakutsi zuten".

Partidara jendez justu iritsi zirela jakitera eman du. "Kadete taldeko bost kidek Ohorezkoan jokatu zuten eta bi jokalari min hartuta zeuden". Hala ere, taldeak ongi erantzun zuen eta garaipena erdietsi zuen.

Texas Lasartearra taldeko Yonatan Monroy entrenatzaileak partida polita izan zela nabarmendu du. "Bi taldeen arteko giroa ona izan zen eta derbi ona ikusi ahal izan zen zelaian".

Ostadar SKTko taldea Texas baino hobea izan zela ere onartu du. "Aukerak ongi aprobetxatu zituen. Bi golak baloi geldituko jokaldietan egin zituzten. Guk ezin izan genuen ate aurrean asmatu". 

Ikasi eta ongi pasatu

Horrez gain, aurtengo denboraldiari zein helburuekin aurre egiten dioten ere azaldu digute entrenatzaileek.

Ostadar SKTko arduradunek irakasteko urtea dela nabarmendu dute. "Kadete A taldeko jokalari gehienak lehen urtekoak dira. Kadeteen Ohorezko mailako taldeak jokatzeko prestatu behar ditugu. Talde dinamikak, estrategia, etab... erakutsi behar dizkiegu".

Horregatik, aurtengo txapelketan zailtasunak izan dituztela onartu dute. "Beste taldeek bigarren urteko jokalari gehiago dauzkate eta guri kosta egiten zaigu haien aurka jokatzea".

Texas Lasartearra taldeko arduradunaren ikuspegia, bestelakoa da. "Aurtengoa ez da denboraldi normala. Guk lehiatzea dugu gustuko, baina aurtengoa ez da lehiaketa normala. Beraz, entrenatzea, gazteek ongi pasatzea eta guztiek minutuak jokatzea dugu helburu.Eta hori guztia, COVID-19aren aurkako neurriak kontuan hartuta, noski".

Kadeteen partidaz gain Michelin kirol gunean, zein etxetik kanpo jokatu zituzten Ostadar SKTko taldeek. Gainerako emaitzak honakoak izan ziren: Ohorezko Maila, Urnieta 1 - Ostadar 1; I. Erregionala, Ostadar 3 - Irauli Bosteko 1; Jubenilen Ohorezko Maila, Hernani 0 - Ostadar 3; I. Jubenila, Ostadar A 1- Danena 0 eta Euskalduna 3 - Ostadar B 2; Kadeteen Ohorezko Maila, Ostadar 1- Euskalduna 1 eta Chaminade B 3 - Ostadar B 1.

Ezin puntua lortu 

I. nazional mailan, berriz, Añorga KKEk bigarren faseko jardunaldiari egin zion aurre Pradejon taldearen aurka. Partida lehiatua izan zen arren, atsedenaldira 0 eta 1ekoarekin amaitu zen.

Bigarren zatian, ordea, Añorgak  berdintzea lortu zuen Izaskun San Anizeto herritarraren gol bati esker. Añorgak ez zuen amore eman eta partida irabazteko ahaleginak egin zituen. Tamalez, jokaldi nahasi batean, Pradejonek berriro ere aurre hartu zuen markagailuan. 

Saiatu arren, epaileak amaiera seinalatu baino lehen Añorgak ezin izan zuen berdinketa lortu. 

Iparragirre mindua
Iberdrola Ligari dagokionez, Real Sociedad taldea Erreginaren kopatik kanpo geratu da. Asteazkenean, Atletico Madrilen  aurka 0-1 galdu zuen luzapenean.

Iraia Iparragirre herritarrak ezin izan zuen partidan parte hartu, mindua baitago. Realeko medikuek jakitera eman dutenez, otsailaren 23an, eskuineko orkatilako bihurdura traumatiko bat izan zuen eta tibia-maleoloaren oinarriaren haustura eta hezur-edema ditu. Beraz, bere itzulera bilakaera klinikoaren araberakoa izango da.