Lasarte-Oriako Udalaren Udako Txokoak, martxan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 21a, 15:05
Udaleko Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordoki (erdian) eta Sportmadness enpresako bi ordezkari, gaurko aurkezpenean.

Lasarte-Oriako Udalak aurtengo Udako Txokoak aurkeztu ditu. Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordokik jakitera eman duenez, bi txanda izango dira: uztailean bat, eta abuztuan bestea. Horietako bakoitzean bi modalitate izango dituzte aukeran izena ematen duten lasarteoriatarrek: 3 ordukoa, 10:00etatik 13:00etara; eta 4 ordukoa, 9:00etatik 13:00etara. COVID-19ak eragindako egoera ikusita, "garbitasun eta kontakturako segurtasun-neurri bereziak" hartuko direla azpimarratu du Udalak. "Guraso eta haurrek neurri horien berri izango dute eta begiraleek, momentuan indarrean egongo den segurtasun-protokoloaren arloan formakuntza jasoko dute".

Matrikulazioen prezioaren berri ere eman du Udalak aurkezpenean: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako neska-mutilen izen-ematearen prezioak 103,02 eurokoa –3 orduko modalitatearena– edo 138,37 eurokoa –4 ordukoarena – izango dira. Udako Txokoetan izena emateko epea apirilaren 26an irekiko da, astelehenarekin, eta aste horretako igandean bukatu, maiatzaren 2an.

Zuzenean edo online

Udalaren Udako Txokoetan izena emateko, bi bide izango dituzte herritarrek: Internet bidez, edo presentzialki. "Ahal dutenei online egitea gomendatzen diegu", adierazi du Udalak. Horretarako, http://udakotxokoak.lasarte-oria.eus helbidea jarriko dute matrikula egin nahi dutenen eskura. Izena emateko epea apirilaren 26an irekiko denez, egun horretatik aurrera izango da posible esteka hori behar bezala erabiltzea, ez lehenago. Matrikulazioa Internet bidez egiteko azkeneko eguna maiatzaren 2a izango da, igandea.

Izen-emate birtuala apirilaren 26an hasiko denez, egun horretara arte ez da erabilgarri egongo online lotura

Izen-ematea zuzenean egin nahi duten lasarteoriatarrek apirilaren 26tik 30era arteko epea izango dute, bi egun horiek barne. Mercero guneko beheko solairuan kokatuko den bulegora joan beharko dute, aipatutako egun horietan, 11:00etatik 13:00etara edo 16:30etik 18:30era.

Udalak azaldu du 450 plaza eskainiko direla hasiera batean, eta izena emandako hurrenkera izango dela plazak esleitzeko irizpidea. "Lasarte-Orian erroldatuak dauden haurrek izango dute lehentasuna", gehitu du. Edonola, herrian erroldatuta ez baina Lasarte-Oriako ikastetxeren batean uda aurreko ikasturte hori egin duten haurrak ere matrikulatu ahalko direla ohartarazi du. "Plaza guztiak beteko ez balira, baldintza horiek betetzen ez dituzten haurrek ere izena eman ahalko dute".

Hobariak

Gainerako udal-zerbitzuetan dituzten hobari berak izango dituzte Gizarte Larrialdietako Laguntzak jasotzen dituzten herritarrek: %25 eta %100 artekoak. Udako Txokoetan seme-alaba bat baino gehiago matrikulatzen den kasuan ere, hobariak izango dira: %bi kide direnean, %10; hiru direnean, %30; eta lau edo gehiago direnean, %50. 

Udako Txokoak Garaikoetxea eta Sasoeta eraikinetan gauzatuko dira. Norbaitek informazio gehiago nahiko balu, Mercero Guneko bulegora joan daiteke, Euskara-Zerbitzura deitu (943 37 61 84) edo beste telefono-zenbaki honetara bestela: 644 53 32 70.