Ongi landutako garaipena

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 21a, 15:00
Ostadar Saskibaloi ataleko 3. seniorrak bigarren garaipena erdietsi zuen.

Ostadar 3. mailako seniorrak denboraldiko hirugarren partida jokatu zuen Maialen Chourraut kiroldegian. Zarautz ZAST taldearen aurkako partida apirilaren 9an jokatzekoa bazen ere, astebete atzeratu behar izan zuen herriko taldeak berrogeialdia igaro behar izan baitu

Arerioa talde gaztea eta azkarra zela jakitun, 3. seniorreko entrenatzaile Endika Marrahik argi zuen ezin ziola ZASTi erritmoa ezartzen utzi.

Baloia airera bota eta bi taldeak garaipenaren bila atera ziren. Lehen erasoak, ordea, hutsalak izan ziren. Talde urdin-beltzak, esate baterako, ez zuen pertsonal marran zorterik izan.

Guztia Ostadarrek hirukoa sartzean aldatu zen. Endika Marrahiren taldea egoerara moldatu eta bere jokoa egiten hasi zen. Horrela, arerioari aurre hartu zion; 12 puntuko tartea ireki zuen eta ederki mantendu zuen lehen zatia 17-5 amaituz. 

Berdin joan zen bigarren laurdena. Zarauzko taldeak ez zuen bere egunik hoberena eta ikaragarrizko hutsak egin zituen. Era honetara, 20 minututan 8 puntu besterik ez zituen sartu. Ostadarrek, ordea, ederki amaitu zituen  erasoak, horietako azkena hirukoa. Horrela 33-8 iritsi ziren atsedenaldira.

Kantxara itzultzean, Zarautz ZAST taldeak zertarako gai zen erakutsi zuen. Sendo jokatu eta 10 minututan 20 puntu egin zituen. Ostadar SKTk bere jokoa egiten jarraitu arren, ZASTek tartea txikitu zuen, 44-28.

Azken laurdenean, Endika Marrahiren jokalariek hiru saskiratze jarraian egin eta partida eskura zuela ikusi zuten. Epaileak amaiera seinalatu eta denboraldi berezi honetako bigarren garaipena etxean geratu zen.

Ez zen hori, asteburuko garaipen bakarra izan. I. senior taldeak ere bere partida irabazi baitzuen. Goierri Ayma taldeari aurre egin zion Ander Otaegik zuzentzen duen taldeak eta 58-48 gailendu zen.

Partida bakarra

Asteburu honetan, Ostadar Saskibaloi ataleko talde bakarrak jokatuko du; 3. seniorrak BKL izango du aurrez aurre igandean, 12:30ean, Beasainen.

Junior partaidetzako kideek ere jardunaldia izango lukete, baina partida bertan behera geratu da.