"Ondorioak ordaindu behar izateaz nazkatuta", kalera irten dira Oriarteko ikasleak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 21a, 14:44

Greba egin dute Oriarte Institutuko ikasleek, asteazkenean. Ikasturte hasieratik jasaten ari diren "utzikeria, nahasmena eta kontraesanak" salatu dituzte, besteak beste

Institutuko gelak utzi eta Okendo plazara irten dira Oriarte Institutuko ikasleak; greba egin dute. 

Eguerdian elkartu eta mobilizazioa egin dute, "nazkatuta" daudela jakinarazteko. Horrelaxe adierazi dute "Ondorioak ordaindu behar izateaz nazkatuta gaude" zioen pankartaren atzean bildu diren ikasleek. 

Ikasleek jasaten duten egoera bat antzeztuz ekin diote protesta ekitaldiari, eta komunikatu bat irakurri dute gero. Nazkatuta egotearen arrazoiak azaldu dituzte. 

Azaldu dute ikasturte hasieratik daramatela "haien bulegoetan jesarrita dauden gorbatadun politikarien" kudeaketa negargarria jasaten. "Utzikeria, nahasmena eta kontraesanek" ezaugarritzen dituztela ikasturte hasieratik hartu dituzten erabakiak, eta, eurak (ikasleak) bitartean, neguak leihoak zabalik igaro dutela salatu dute: "Hori omen da klasean pandemiari aurre egiteko neurri nagusiena". Gisa horretako ondorioak jasateaz nazkatu direla aldarrikatu dute: "Honaino heldu gara, ondorioak ikasleak ordaindu behar izateaz nazkatuta gaude". 

Kalean hiru lagunekin elkartu, ikasgelatan 30

Kalean hiru lagunekin elkartu daitezkeen bitartean, ikasgeletan 30 kide daudela ere deitoratu dute, eta ikasketetarako beharrezko bitartekoak, jangela zerbitzua, garraio segurua edota konfinatuta egon diren garaietan klaseekin jarraitzeko erremintak eurak bilatu behar izan dituztela argi azaldu dute: "Bitartean isilik eta eserita egotera behartu nahi izan gaituzte, kamerak jarriz, kontrolerako plataforma digitalak indartuz eta jarrera autoritarioak normalizatuz; ikasleon eskubideak murriztu dituzte, eserita egotera behartu gaituzten bitartean". 

Guzti horrekin batera ere salatu dute inork ez diela galdetu guzti horren gainean zer uste duten, eta, eurek esan dieten arren, ez entzunarena egin dutela: "Oihuka esateko bildu gara gaurkoan". 

Ikasturtea oraindik ez dela amaitu ere gogorarazi dute eta azterketa garaia gainean dutela: Presioa, itoaldia, ikasketa ordu bukaezinak... gure bizitzak alde batera utzi eta buru belarri edukiak irentsi eta botatzeko prestatzen ari dira gure buruak". 

Guzti hori deitoratu eta hamaika arrazoi dituztelako jarri dira martxan. 

Biharko deialdiarekin bat 

Ostegunerako zerbitzu publikoetako langileen greba deituta dagoela ekarri dute gogora, eta euren ondoan izango direla adierazi: "Haien lan eskubideen defentsa egiteaz gain, Euskal Herriarentzako zerbitzu publiko indartsu eta kalitatezkoen alde martxan egongo gara. Ikasleok hezkuntza sistema publiko erreal baten beharra dugulako".