Lore eta Landareen azoka, larunbatean Andatza plazan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 21a, 11:00
2019ko lore eta landareen azokako irudi bat. Aurtengoak beste itxura bat izango du, halabeharrez.

Lore eta Landareen azoka antolatu dute Behemendi elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak. Larunbat honetan izango da, apirilak 24, Andatza plazan, 10:00etatik 14:00etara. COVID-19aren eraginez, merkatu berezia izango da aurtengoa, baina koloretsua. Hamalau landare-haztegik jarriko dituzte haien produktuak erakusgai feria horretan.

Lore eta Landareen azoka 2019. urtean egin zen azkenekoz Lasarte-Orian. Ezinezkoa izan zen iazko apirilean burutzea, COVID-19aren pandemiaren eraginez gure etxeetan konfinatuta geundelako. Urtebete beranduago, birusak gure artean jarraitzen du, eta neurri murriztaile ugari betetzen jarraitu behar dugun arren, posible izango da feria hori egitea aurten, aldaketa ugarirekin, hori bai. Behemendi elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatzen dute, eta iragarri dutenez, aurtengo merkatua ez da izango Okendon, Andatza plazan baizik. Larunbat honetan gerturatu ahalko dute herritarrak bertara, apirilak 24, 10:00etatik 14:00etara.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, "Gipuzkoako lore eta landare ekoizle-profesional" bilduko dira azoka horretan; 85 metro karratu eta erdi izango ditu. Landare Azokak elkartea osatzen duten kideetako zazpi ere etorriko dira Lasarte-Oriara. Behemendi landa-garapenerako elkarteak zehaztu du elkarte horren helburua dela gisa horretako feriak sustatzea lurraldeko herrietan.

Eskaintza "zabala" 

Sasoiko landareak, barnerako zein kanporakoak, zuhaixkak, jangarriak diren fruitu txikien zuhaitzak, kaktusak, landare aromatikoak eta sukaldean erabiltzekoak... Lore eta Landareen Azokako eskaintza "zabala" izango dela azpimarratu dute Udalak eta Behemendik. "Aukera paregabea izango dute herritarrek balkoiak, terrazak eta lorategiak apaindu eta berritzeko, prezio onean".

Viveros El Montañes, Zunoyar Lorategia eta Islaya, Sukulentak Ortuberri, Urtinea, Arizkurengo Tienduka, Lore Prentsatua, Semillas Ecológicas, Sojo natura, Sara Letamendia, Flores Ganchillo, Tissus Artisautza, Baserriloreak eta Susana Garcia Lobo. Haztegi horiek erakutsiko dituzte haien produktuak Andatza plazan. 

Behemendik gogoratu du 2002an hasi zela baserrietako produktuen azoka bereziak antolatzen, gisa horretako ferien "beherakada" igartzen hasi zenean.

Azokan bete beharreko neurriak

COVID-19ak eragindako egoera tarteko, saltzaileek zein erosleek zenbait osasun-neurri bete beharko dituzte larunbateko ferian:

  • Pertsona bat baino ez postu bakoitzeko.
  • Ekoizleen artean 1,5 metroko distantzia egongo da. Postuen artean, gutxienez, hiru metrokoa.
  • Ekoizleen eta bezeroen artean 1,5 metroko distantzia mantenduko da.
  • Erosketa batetik bestera eskuak garbituko dira.
  • Ekoizleek baino ezingo dituzte produktuak manipulatu; ezingo dira erosleen eskura egon.
  • Mahaiek garbi egon beharko dute une oro.