Artetxek garaipena erdietsi du

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 21a, 11:30
Artetxe nagusi izan zen larunbateko partidan.

Intza kirol elkarteko pilotariek emaitzei dagokionez, aurpegia eta gurutzea jasan zituzten asteburuan. Jon Pello Artetxek I. senior mailako lau eta erdiko partida irabazi zuen; kadeteek, berriz, trinketeko bikotekako neurketa galdu zuten. Hala ere, taldeko arduradunak pozik daude guztiek egindako lanarekin

Intza kirol elkarteko Jon Pello Artetxek pauso bat aurrera eman zuen larunbatean lau eta erdiko Ekialdeko finalerako bidean. EPLEko Antton Aranburu 22-9 garaitu zuen final laurdenean eta aste honetan, final erdia jokatuko du.

Artetxek partida serioa jokatu zuen eta jokoan nagusi izan zen. "EPLEko pilotaria baino gehiago izan zen. Aurrean tanto ederrak egin zituen. Gantxoak, bi paretak, pilotak txokora... Gainera, sakean ere lan ona egin zuen eta min handia egin zion aurkariari bere sakeari ongi erantzutean," nabarmendu du Intza Pilota elkarteko arduradun Jose Felix Solanok.

Orain, final erdiari aurre egin beharko dio herritarrak. Larunbatean, Hernaniko Salaberria izango du arerio.

Debutarekin pozik

Bestalde, kadete mailako bikoteak trinketeko txapelketari hasiera eman zion.

Beñat Olazabalek eta Pedro Eloseguik osatutako bikoteak Hernani 2 bikotearen aurka neurtu zituen indarrak lehen partidan eta 40-25 galdu zuten. 

"Nahiz eta emaitza aldeko ez izan, partida ona jokatu dute. Partida lehiatu dute eta pozik daude egindako lanarekin," adierazi du Solanok.

Orain, hurrengo partida prestatzeko lanean hasiko da bikotea. Hiru aste izango dute horretarako. Izan ere, maiatzaren 9a arte ez baitute jardunaldirik jokatuko.