2021eko lehenengo janari-banaketa egin du udalak, Gurutze Gorriarekin elkarlanean

Txintxarri Aldizkaria 2021eko apirilaren 20a

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Lasarte-Oriako 188 familia, 471 pertsona lagundu ditu Lasarte-Oriako Udalak eta Gurutzeko Gorriko boluntario-talde batek, aurtengo lehenengo janari-banaketan

Martxoaren 22tik 26ra egin zuen janari-banaketa udalak,  Gurutze Gorriaren boluntario talde baten laguntzarekin. Guztira, 7.741 kilo janari banatu dituzte. Hiru urtez azpikoei zuzenduak izan dira batzuk (haurrentzako janari potetxoak), eta beste batzuk, berriz, adin horretatik gorakoei bideratu dizkiete. Azken hauei banatu dizkiete oliba-olioa, babarrunak, arroz zuria, atun, haragi eta sardina-kontserbak, fruta-kontserbak, gailetak, leka mazedonia-kontserbak, esne osoa, pasta eta kontserbako tomate frijitua. Udalak jakinarazi duenez elikagaiak pertsona behartsuenei laguntzeko Europar Funtsarekin kudeatu dira. 

Zerbitzuaren onuradun izan diren 188 familiak aldez aurretik langile sozialek baloratu zituztela jakinarazi du udalak, banaketarako erabilitako irizpideak eta programan sartzeko ezinbesteko baldintzak zeintzuk diren ere ezagutarazi dituzte:

  1. Udaleko tasen eta prezio publikoen salbuespen eta hobarien zerrendan sartuta egotea.
  2. Aldeko txosten sozial bat izatea.

Aurten, pertsona bakarreko 66 familia, bi kideko 43 familia, hiru kideko 44 familia, lau kideko 26 familia, bost kideko 14 familia, sei kideko familia eta zazpi kideko familia bat sartu dira janari-banaketan. Zerbitzu hori eskatu nahi dutenek eskaera udaletxeko erregistro orokorrean eskaera-orria betez egin dezaketela gogorarazi dute. 

Eskerrak Gurutze Gorriari

Lasarte-Oriako pertsona behartsuenen alde egindako lanagatik eskerrak eman dizkie udalak Gurutze Gorriari: "Haien sostengurik gabe ezinezkoa izango zen lan hau egitea".