'Nazkatuta gaudelako, ikasleria martxan' mobilizazioarekin bat egin du Oriarteko Ikamak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 20a, 11:39
Zenbait ikasle, Oriarte Larrekoetxe eraikinera sartzeko zain, ikasturte hasieran.

Urte eta hilabete bat igaro da COVID-19ak bizitzako alor guztiak goitik behera irauli zituenetik. Pandemia-egoeran ikasleek bizi izan dutena salatze aldera, Ikamak mobilizaziora deitu du bihar, asteazkena, apirilak 21. Aldarrikapen-ekintzarekin bat egin du Oriarte BHIko Ikamak, eta egitaraua antolatu: besteak beste, kontzentrazioa egingo dute Okendo plazan, 12:00etan.

  Nazkatuta gaudelako, ikasleria martxan lelopean, mobilizazio-eguna antolatu du Ikamak, "nazkatuta" daudela esan, eta "mahai gainean kolpe bat emateko". Bihar burutuko dituzte aldarrikapen-ekintzak Euskal Herri osoan zehar, eta Lasarte-Orian ere bai, protesta-ekintzekin bat egin duela iragarri baitu Oriarte BHIko Ikamak, sare sozialetan. Honako hau da asteazken honetarako, apirilak 21, antolatu duten egitaraua:

  • 9:00etan, piketeak.
  • 10:00etan, kale-apainketa.
  • 11:00etan, Nazkatuta gaudelako ekimena.
  • 12:00etan, mobilizazioa Okendo plazan.

"Oztopo-lasterketa amaigabea"

2020ko irailean hasi zen ikasturtea, eta orduz geroztik igaro diren egun guztiak "oztopo-lasterketa amaigabeak" izan direla salatu du Ikamak. "COVID-19aren eraginez, ikasturtearen hasiera inoizko zailena izan zen guretzat, baina, batez ere, birusaren aurrean agintariek hartu ez zituzten neurrien eraginez". Ikasleak Martxan eragilearen esanetan, heziguneetan "osasun baldintzak bermatu gabe" garatu behar izan dute jarduna: "Kalean harreman sozialak murrizten zituzten bitartean, ikasgelek masifikatuta jarraitzen zuten". Horren aurrean, Kalean 6, Klasean 26 salaketa-kanpaina martxan jarri zutela gogoratu du.

Ikamaren aburuz, ikastetxeen egoeraren zama hezkuntza-komunitatearen gain erori da. "Guraso, irakasle, zuzendari, eta, batez ere, ikasleon gain". Horregatik guztiagatik antolatu dute Nazkatuta gaudelako, ikasleria martxan mobilizazio-eguna. "Ikasleok beti izan gara egoerari aurre egiten eta gure neurrira eraikitako hezkuntza-sistema baten alde lehen lerroan kokatu garen subjektua, eta oraingoan ez gara gutxiago izango". 

Eskaerak

Ikasleria Martxan eragileak hainbat eskaera luzatu dizkie agintariei:

  1. Ikasgeletako ratioak jaistea.
  2. Baliabide guztiak eskuragarri egotea.
  3. Kontrol soziala desagertzea.
  4. Protokolo eraginkorrak sortzea.
  5. Ikasleen hitza entzutea.
  6. Euskaraz ikasteko bitartekoak eskaintzea.
  7.  
 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Oriarteko Ikasleria Martxan (@oriartekoikama)