Poesiaren doinura dantzan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 18a, 13:10

XVII. Dantza Zirkuituaren barruan, Kukai Dantza Konpainiak Hnuy Illa ikuskizuna ekarri du kultur etxera. Herritar ugariren interesa piztu du Joseba Sarrionandiaren poemak lotura hari dituen ikuskizunak. 

Iluntasuna eta euriaren soinua. Tantoekin batera, hizkiak eta hitzak erortzen dira agertokiaren aurreko oihalean proiektatuta. Haren eta atzealdearen arteko tartean, dantzariak batetik bestera doaz, zaparradak kalean aterki gabe  harrapatu balitu bezala; baina ura beharrean hitzak dira erortzen doazenak. Musika malenkoniatsua eten eta bakarra gelditu da oholtza gainean. Orduan, Kiromantzidxa poemaren errezitaldia egin du ahots batek eta lanbroz betetzen joan da aurrealdea. 

Antzeko dinamikarekin, poesia, dantza, musika eta ikus-entzunezkoa uztartzen joan dira Kukai dantza taldeko sei kideak. Sarrionandiaren poesia, Mikel Laboak haiekin egindako abestiak eta lagun izan zuen Iñaki Salvadorren musika dira ikuskizunaren ardatza. 

1995ean argitaratu zuen idazle bizkaitarrak Hnuy illa nyha majah yahoo poema bilduma. Horren 25 urteurrenaren harira, obran oinarritutako ikuskizunaren bertsio berria atondu du Kukaik, Tanttaka konpainiaren laguntzaz, zenbait poema aukeratuta. Koreografiez Jon Maya arduratu da, zuzendaritza eszenikoaz, berriz, Mireia Gabilondo.