Paola Vega: "Orain zazpiko errugbia gogoko dut gehiago"

Nerea Eizagirre 2021ko api. 16a, 11:00
Paola Vega herritarra, Ordiziaren aurkako partidan. Arg.: Gotzon Zuzaeta.

Paola Vegak (Lasarte-Oria, 2002) zazpi urterekin futbolean izena eman nahi zuen, baina, lekurik ez zegoenez, Beltzak Errugbi taldeak sortu berri zuen eskolan parte hartzeko animatu zuten. Bere lehen partidan odoletan egon arren, ez zuen etsi eta borrokan jarraitu zuen. Hamabi urte igaro dira geroztik eta egun Hernani Errugbi elkarteko kide da. "Oso gustura nago". Taldeak Euskal Ligako denboraldi hasiera polita izan du eta sailkapeneko lehena da. Vegarekin solastu gara taldeari eta errugbiari buruz gehiago jakiteko

Aurten denboraldi hasiera ona izan du Hernani Errugbi taldeak.

Bai, pozarren gaude. Bai pandemiarengatik, baita ligan bizi izan genuenarengatik; iaz urte bitxia izan zen.

Iaz bi aukera zeuden, hamabostera edo hamabira jokatzea. Hamabira jokatuz gero, bigarren fasean ezin zinen lehen multzoan lehiatu. 

Gu hamabosteko taldea ginen eta horregatik, nahiz eta ez ginen multzo horretarako sailkatu, bertan jokatzea egokitu zitzaigun. Beraz, talde indartsuen aurka jokatu behar izan genuen. Duela hiru urte lehen mailan jokatu zen Getxoren aurka, Gernika edo La Unicaren aurka neurtu behar izan genituen indarrak. Gu harrituta ginen: "Zer egiten dugu guk euren aurka?". 

Talde handiak dira, jokalari gehiago dituzte eta kalitate handikoak. Gainera, nahiko berde zegoen gure taldea. Jende berria zegoen. Ordiziako taldearekin bat egin genuen eta horiek ezagutzeko ere ez zen astirik, saio bakarra egiten genuen elkarrekin aste osoan. 

Abendutik martxora arte partida guztiak galdu genituen eta horrek ere ez du laguntzen.

Gainera, ez zegoen konpromiso handirik. Entrenamendu batean hiru izan ginen bakarrik.

Aurten, beraz, egoera hobean dago taldea.

Bai, iazkoarekin alderatuta, gauzak aldatu dira. 

Entrenamenduetan gehienak biltzen gara. Ongi entrenatzen dugu. Taldea osatu da eta gauzak egin daitezke. Eta hori emaitzetan eta egoeran ikusten da. 
Orain gure multzoko lehenak gaude puntu tartearekin eta oso gustura gaude. 

Zuen liga azarora arte ez da hasi.

Ziurgabetasun handia egon da denboraldi berri honen hasieran. 

Irailean zen hastekoa. Gero hilabete bat atzeratuko zela esan ziguten. Gero, eremu gorriaren arabera. 

Aurten zaila da jakitea noiz jokatuko duzun edo ez. Prest egon behar duzu horretarako eta listo. 

Gure kasuan, pixkanaka joan gara prestaketa egiten eta benetan partidak hasiko zirela jakitean lan fisikoa handitu da.

Zein da denboraldiko helburua?

Partidak irabaztea eta goiko postuetan egotea da helburua.

Zaila da lehen mailara igotzea. Eibarrek lortu zuen duela gutxi, baina zaila da. Taldekide gutxi gaude eta eragile asko dago bidean. 

Gainera, bertan mantentzea ere zaila da. Diru-gastua handia da: Madrilera, Sevillara…joan beharko ginateke eta mutilen lehen taldea ere batetik bestera dabil.

Gustatuko litzaidake eta lortzen bada primerakoa izango da. Baina zail ikusten dut. 

Paola Vegak errugbian lehen pausoak eman zituen Michelin kirol guneko zelaian. 

Hamabost, hamabi eta zazpi kide arteko errugbia jokatzen dituzu...

Bai, horrela da. Iaz Ordiziarekin batu ginen hamabosteko taldea osatzeko, eta aipatu bezala, hamabost eta hamabiko taldeak zeuden lehian.
Aurten hasiera batean ez zuten taldea hamabikoa izatea uzten. Hamabost edo zazpi izan behar zuen eta guk ez genuen jenderik taldea osatzeko. Beraz, zazpiko lehiaketara eman genuen izena. 

Ederki entrenatu eta jokatu dugu eta hori amaitzean, hamabikoa jokatzeko aukera eman dute. 

Hamarrera ere jokatu dugu eta hor ere moldatu gara. Bi pertsonen falta sumatzen da, baina ez da hainbesterako.

Zazpi eta hamabost kideen arteko lehien ezberdintasuna handia izango da, ezta?

Zazpiko lehiaketa azkarragoa da. Zelai osoa da eta zazpi jokalari bakarrik daude talde bakoitzeko. 

Dinamikoagoa da. Pum, pum, pasea, lasterketa eta entsegua. Eta berriro hasi. Oso azkarra da.

Hamabosteko partidak lasaiagoak dira. Txokea eta lurrera. Lasterketa, plakatu eta lurrera. Ezberdina da.

Zazpikoan arinago izatea eskatzen da, bizkorragoa. Zazpikoan atzeraka joan zaitezke, nahi dituzun metro guztiak galdu ahal dituzu gerora irabazten badituzu. Zazpikoan ihesi egitea da bilatzen duzuna. Hamabostekoa beti aurreraka da eta hutsunerik ez badago ere aurrera jolastu behar da. 

Zer diziplina nahiago duzu?

Nik, garaiaren arabera, bat edo beste gustuko dut. Orain zazpikoa gogoko dut gehiago. 

Nik gainera atzelari postuan jokatzea dut gustuko. Batzuetan hamabost lanetan aritzen naiz. Zelaian zer gertatzen den ikusi eta norbait ihesi badoa plakatzen dut. 
Zu bakarrik zaude, buruz burukoa da. Tentsio hori gustuko dut. Ihes egiten dizula, ba hurrengoan izango da. 

Baina egun txarra baduzu eta plakaketarik egiterik ez baduzu, psikologikoki gogorra da. Nik iazko denboraldi hasieran Burgosen aurkako lagun arteko batean bizi izan nuen eta oso umore txarrez amaitu nuen partida. Ez nuen inork hitz egiterik nahi. Plakatzen ez badut, psikologikoki gaizki egoten naiz.

COVID-19aren aurkako neurriek nola baldintzatzen dute errugbia?
Taldean tenperatura eta horren kontrola egiten duen arduradun bat dago. Beste kirolen antzera, ezin da publikorik egon norgehiagoketan. Aldageletan ezin gara hamar baina gehiago egon. 

Norbaitek positibo ematen duenean, abisua eman behar du, eta orduan, entrenamenduak eten egiten dira. Guztiek PCRa egin eta negatiboa izanez gero, lanera. Aurten behin egin behar izan dituzte beste kideek. Nik ez, aurretik positibo eman dudalako.

Partida batean norbaitek positibo ematen badu, bi taldeak berrogeialdia egin behar dute eta probak egin behar dituzte.

Partidetara kotxeetan joan behar gara. Entrenatzaileek eta gurasoek fitxa berezi bat izan behar dute eraman ahal izateko. 

Horrelako gauzak dira. Partidak jokatzeko esate baterako ez dugu PCR-rik egiten.

Eta hirugarren denborarik ez duzue...

Ez pentsa, egiten da antzeko zerbait. Egia da ezin direla bi taldeak elkartu, baina taldeak aldageletan janari eta edari saskiak jartzen hasi dira. Horrela taldeek zerbait jaten dugu, eta hirugarren denboraren giroa mantentzen da.