Aho batez onartu du Lasarte-Oriako udal-korporazioak ezohiko udalbatzarraren urgentziazko deialdia, eta gai ordeneko bigarren puntuari ekin diote berehala. 2020. urteko ekitaldiko likidazioaren dosierraren berri eman dute horretan. Inongo alderdi politikok ez du hitza hartu nahi izan, eta, zuzenean, hirugarren puntuarekin hasi dira.
2021eko ekitaldiko kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dosierren berri eman dute, eta aurreko puntuan bezala, alderdien azalpenik gabe jarraitu dute gai ordenako hurrengo puntuarekin, laugarrenarekin.
Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko dosierra 2021/1 zenbakiaz identifikatua onesteko eskaera egin du udal gobernu taldeak, eta, horrek bai, bozketa ekarri du. Alde agertu dira PSE-EE eta EH Bildu eta EAJ alderdiak. ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Puede, berriz, abstenitu egin da. Hortaz, aldeko hamahiru bozkekin eta bi abstentziorekin onartuta geratu da kredituak aldatzeko dosierra. Ondorengo taulan zehazten dira kreditu aldaketaren bidez bideratuko diren diru partidak.
EH Bilduk bozka azalpena egiteko hartu du hitza. Jakinarazi dute aurrekontuei ezezko bozka eman zieten arren, orain, kreditu aldaketaren alde egin dutela, horren bidez bideratuko diren diru-partidak herrian eragiteko beharrezkoak direla argudiatuz.
Euskal Autonomia Erkidegoko Kontu Auzitegiaren 2019ko ekitaldiko auditoria-txostenaren berri eman du bosgarren puntuan alkateak, eta gai ordeneko seigarren eta azken puntuari heldu diote.
Oinarriak onartzea eta Lasarte-Oriako Udalak udalerriko merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu-pertsonalen sektoreetan ekonomia suspertzeko eman beharreko aparteko laguntzen deialdi berria egitea aztertu dute, horretarako jarduera prestatzeko inbertsioak eginez, COVID-19ari aurre egiteko. Alderdi guztiek bat egin dute puntuarekin, eta, aho batez, onartuta geratu da. Zortzi minutuko iraupena izan du ezohiko saioak
3.577.632 euroko kreditu-aldaketa, aurtengo aurrekontuak handitzeko
Lasarte-Oriako Udalak 2021. urteko aurrekontuak handitzeko 3.577.632 euro jasotzen dituen espedientea onetsi du ezohiko udalbatzarrean, partida berrietarako. Behin 2020. ekitaldiko likidazioaren berri jakinda, ekitaldi horretako gerakinak bideratuko dituzte partida berrietara, kreditu aldaketen bitartez. "Presazko eta beharrezko" partidak dira; hala azaldu du Agustin Valdivia alkateak.
945.000 euro izaera sozialeko laguntza partidak izango dira:
- 320.000 euro Zuzeneko laguntzetan, alarma-egoeraren ondorioz ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente batean sartu diren edo langabezian daudenei zuzenduak. 20.000 euro energia-pobreziaren aurka borrokatzeko izango dira.
- 25.000 euro Bazterkeriaren aurkako laguntzak handitzeko.
- 400.000 euro Herriko ostalaritzari, merkataritzari eta zerbitzu-pertsonalei bideratutako zuzeneko laguntzak.
- 20.000 euro Herritarrentzako bonuetan, herriko establezimenduetan inbertitzeko.
Duten izaeragatik, "presazkotzat eta ezinbestekotzat" jo diren gainerako partidak:
- 775.000 euro Kale Nagusiko 63-87ko aparkalekua berrurbanizatzeko.
- 382.292 euro Arranbide eta San Frantzisko kaleetako barandak berritzeko.
- 340.035 euro Herritarrek apirilaren 25eko herri-kontsultan lurpeko edukiontziei buruz hartzen duten erabakia praktikan jartzeko.
- 300.000 euro Tribunas kalearen ondoko parkearen hegalak konpontzeko.
- 162.543 euro Herritarrei igogailuak eta arrapalak jartzeko edo etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzeko diru-laguntzak finantzatzeko.
- 129.195 euro Hiri-saneamendua hobetzeko hainbat obretarako.
Kredituak aldatzeko espedienteak beste partida batzuk ere baditu, kopuru txikiagokoak izanagatik ere, presazkoak edo beharrezkoak direnak:
- 60.000 euro Udal-azpiegiturak kontrolatzeko GIS (kartografia ariketa bat udalari udal-zerbitzuen berri ematen laguntzeko) sistema bat instalatzeko.
- 50.000 euro Haur-jolasak ordezkatzeko.
- 30.000 euro Hiri-altzarietako zenbat elementu ordezkatzeko.
- 29.307 euro Udalarentzako Laneko Arriskuen Plana egitea kontratatzeko.
- 25.000 euro Kiroldegi berriak izango dituen kudeaketa eta jarduera-kostuak aztertuko dituen proiektu bat kontratatzeko.
- 15.000 euro Lasarte-Oriarako ingurune irekiko lan bat egiteko.
- 12.100 euro Azkorteko bidea hobetzeko.
- 8.000 euro Izurriteak kontrolatzeko partida handitzeko.