Lehiaketa bat bukatu eta hurrengoa hasi

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 15a, 15:30

Jon Pello Artetxe, pilotari jo baino lehen, bikotekako Ezker Hormako txapelketako irudian.

Intza pilota elkarteko kideak lehiaketaz lehiaketa daude. Jon Pello Artetxek ekialdeko finala bidean da, lau eta erdiko txapelketan; kadete mailako pilotariak, berriz, trinketeko bikotekako txapelketa hasiko dute

Intza pilota elkarteko kideek lehiaketa bat amaitu ahala hurrengoa hasten dute. Hala ere, bada oraindik amaitzeke dagoen txapelketarik, lau eta erdikoa.

Lehen fasea amaituta Jon Pello Artetxe herritarra I. Senior mailako bere multzoko hirugarren postuan sailkatu da. Nahiz eta Gipuzkoako txapelketarako txartela ez lortu, Ekialdeko txapelketako finalera iritsi daiteke Intzako kidea.

Larunbatean, 16:30ean, Michelingo kirol guneko pilotalekuan EPLEko Aranburu izango du aurrez aurre finalerako bidean.

Hasiko diren lehiak

Bestalde, kadete mailako gaztetxoek trinketeko bikotekako lehiari emango diote hasiera. Hernani 1 izango dute arerio, larunbatean 15:00etan, Irurako Ametsa trinketean. 

"Trinketean bikoteka jokatuko duten lehen aldia da eta esperientzia ona izatea espero dut," adierazi du Joxe Felix Solano Intza pilota elkarteko arduradunak.

Hilabete bukaeran, gainera, Udaberri txapelketa hasiko da eta bertan senior eta kadete bikote bana izango dira.