Ostadar Saskibaloi taldeek, ezin jardunaldia jokatu

Txintxarri Aldizkaria 2021eko apirilaren 14a

Junior Errendimendu mailako Ostadar-Easo partidako irudia. Arg.: Jose Angel Hidalgo.

COVID-19aren bilakaera dela-eta, Ostadar Saskibaloi ataleko kideek ezin izan zituzten lehengo astean zegozkien partidak jokatu. 3. mailako senior taldea, zein junior errendimendu eta partaidetza taldeak izan ziren egoeragatik kaltetuak

3. mailako senior taldeak astean zehar lagunarteko bat jokatu zuen. Tamalez, beste taldeko kide batek positibo eman eta Ostadarreko kideek berrogeialdia egin behar izan zuten. Ondorioz, Zarautzeko ZAST taldearen aurkako norgehiagoka aste honetara atzeratu behar izan zen. Larunbatean eguerdian jokatuko dute, beraz, Maialen Chourraut kiroldegian.

Junior partaidetza taldeak ere  ZASTen aurka jokatu behar zuen. Kasu honetan, ordea, Zarautzeko talde kide batek eman zuen positibo eta partida bertan behera geratu zen. Neurketa aurrerago jolastea aurreikusten dute Ostadar Saskibaloiko arduradunek, baina data zehazteke dagoela adierazi dute.

Junior errendimendu taldeak, berriz, Ordiziara egin behar zuen bidaia. Endika Marrahi  taldeko arduradunak azaldu digunez, berak ez joateko erabakia hartu zuen. "Egoera berriro ere arriskutsua da eta erabakiak hartzea zaila izaten ari da," nabarmendu du. Neurketa hau ez dela jokatuko ere aurreratu du. Jardunaldi honetan ere ez dute partidarik izango errendimendu taldeak, atsedena baitu taldeak.

Lehen postuetan

Arestian aipatutako 3. mailako senior partidaz gain, asteburu honetan beste partida bat izango da Maialen Chourraut kiroldegian. Igandean, 11:00etatik aurrera, Goierri Ayma taldea izango du aurrez aurre I. mailako seniorrak. Sailkapeneko lehen postuetan mantentzeko lehiatuko da taldea.