Etxeberria, Lizarrako podiumean

Txintxarri Aldizkaria 2021eko apirilaren 13a

Haimar Etxeberria, Lizarrako helmugara iristen. Arg.: Martin Early.

Buruntzazpi txirrindularitza eskolako juniorrak, berriro ere, lehenen artean izan dira. Apirilaren 11n, Haimar Etxeberriak III. Robert Innova trofeoko hirugarren postua eskuratu zuen 

Apirilaren 11n, Buruntzazpi txirrindularitza eskolako kideak eta Viveros San Anton-Mardul taldeko Ander Altuna herritarra III. Robert Innova trofeoan lehiatu ziren.

Tropela batera joan, baina taldetxo batek ihes egin zuen eta hortik aterako ziren gerora lasterketako buru mantendu eta garaipena borrokatuko zuten Donosti Berri taldeko Yago Agirre eta Omar Fraile Galdakauto taldeko Galder Bengoetxea. Biko horren atzetik hainbat taldetxo sortu ziren lasterketan zehar, baina tropelak kontrolpean izan zituen.

Azkenik Buruntzazpi eskolako Haimar Etxeberriak Bar Restaurante El Volante Taldeko Xabier Zabalak ihes egin zuten eta helmugako zuzeneko  azken metroetan bien arteko espina izan zen  podiumera igo ahal izateko.

Altuna, berriz, lehen tropelean iritsi eta zortzigarren postuan sailkatu zen. Buruntzazpiko Daniel Fursenko kidea, berriz, 5 minutu eta 21 segundora iritsiz 76. postua eskuratu zuen.

Ez da hau Aste Santuan txirrindulariek izan duten lasterketa bakarra izan.

Apirilaren 1ean, juniorrek, Euskal Herria torneoko XXXVI. Tabira Sarian parte hartu zuten Durangon. Altuna 22. iritsi zen, Carbayeda 44., Fursenko 67. eta azkenik, Buruntzazpiko Mikel Orbegozo 81. postuan sailkatu zen. Hiru egun geroago, Araban izan ziren Sallutegi sarian. Bertan Altuna 32. postuan amaitu zuen lasterketa, Fursenkok 68. eta Orbegozo 102. postuan igaro zuen helmuga.

Kadeteak, berriz, Nafarroan Gaztetxoak sariko jardunaldia izan zuten, Restaurante El Mirador saria. Buruntzazpi eskolako bigarren urteko kadeteek parte hartu zuten bertan Eneko Aranguren eta Adur Tapia 37. eta 39. izan ziren, hurrenez hurren.

Afizionatuen mailan, berriz, Eibar Txirrindulari taldeako Asier Pozo Udaberri Sarian eta Aitor Bugallo oroimenezkoan lehiatu da.