Etxebizitza eskuratzearen aldeko zenbait neurri adostu ditu udalbatzarrak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 9a, 11:40

Apirileko ohiko saioa egin du udal-korporazioak ostegun arratsaldean. Etxebizitza-eskubideari buruz aritu dira batez ere, mozioak aurkeztu baitituzte ELOP eta EAJ-PNV udal-taldeek. Bestalde, alkatea eta enpresa-batzordea akordio batera iritsi dira, eta ELOPek informatika-teknikari postu bat sortzeari buruzko emendakina bertan behera geratu da, teknikoki ez zegoelako osatua. Balorazio-txosten bat egingo du Consultores de Gestion Publica SL enpresak.

Udalbatzarra hasi eta berehala, aho batez onartu ditu korporazioak 2020an eta 2021ean egindako zenbait bilkuraren aktak. Horren ostean, udaletxean lan egiteko informatika-teknikariaren lanpostua sortzeari buruz enpresa-batzordearekin akordio batera iritsi dela jakinarazi du alkateak. Hori horrela, ELOP alderdiak aurrekontuei aurkeztutako emendakinetako bat bertan behera geratu da, "teknikoki osatua ez zegoelako". Aztertzeke dauden alorrak Consultores de Gestion Publica SL enpresak jorratuko ditu, eta txosten bat egin. "2022. urtean lanpostu hori sortzearen alde bozkatu genuen, uste dugulako beharrezkoa dela udalaren jardunerako", azaldu du EH Bilduko bozeramaile Jon Martinek. "Udal Gobernuak ez ditu erantzukizunak hartu eta ez du kudeatu; noizbait iritsiko den antolakuntza-txostenaren atzean ezkutatu da".

Etxebizitza-eskubidea

Etxebizitza duinak eskuratzeko arazoari buruz jardun dira korporazioko kideak, luze eta zabal. ELOPek aurkeztutako mozio bat landu dute aurrena. "Alokairuen prezioen espekulazioan" jarri du arreta alderdi horrek, eta beharrezkoa dela hori erregulatuko duen legea sortzea, gizarteak aukera izan dezan etxebizitza duin bat eskuratzeko. Eustatek emandako datuen arabera, 2020ko ekainean EAEn 120.352 pertsona zeuden etxebizitza eskuratzeko premian emanzipazio-egoeragatik, ELOPek azpimarratu duenez. "OFIN Higiezinen Eskaintzari buruzko 2020ko Estatistikaren arabera, EAEn 1.745 etxebizitza baino ez ziren eskaini alokairuaren merkatuan, bai librean eta bai sozialean". Alokairuan bizi diren hamar familiatik ia zazpik euren errentaren %30 baino gehiago erabili behar izan dute etxebizitza ordaintzeko.

Horren aurrean, ELOPek uste du "egiturazko erreformak" egin behar direla etxebizitza eskuratzeko erregulazioaren gaian, eta erakundeek ez luketela jarrera pasiborik hartu behar. Udalbatzarrari proposatu diote Espainiako Gobernuari eskatzea etxebizitzari buruzko estatuko lege bat onartzea; Eusko Jaurlaritza premiatzea etxebizitzen alokairuaren merkatuaren arautzean aurrerapausoak egiteko; Lakuari alokairu sozial eta eskuragarriko etxebizitzen parke publikoa handitzeko eskatzea; Gipuzkoako Foru Aldundiari galdegitea neurri fiskal eraginkor eta efizienteak abian jartzeko; eta tokian tokiko gobernuari eskatzea udalerriko etxebizitzen alokairu-merkatua auratzeko, Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta.

EH Bilduk hala eskatuta, mozioa puntuka bozkatzea erabaki dute korporazioko kideek. Bat bera ere ez da aurrera atera. EAJ-PNVk mozio alternatibo bat aurkeztu du. 

Adostutako neurriak

Alderdi jeltzaleak honako neurri hauek adostea proposatu dio udalbatzari: Eusko Jaurlaritzari eskatzea ahalik eta azkarren garatzeko Euskadiko Etxebizitzaren Legea, eta Itun Sozial berria bultzatzeko; eta Lasarte-Oriako Udalak zerga-neurriak hartzeko, etxebizitza hutsak alokairu-merkatura ateratzea sustatzeko. Udal-korporazioak onartu egin du, zazpi aldeko bozka (EH Bildu eta EAJ-PNV), bi aurkako (ELOP) eta zortzi abstentziorekin (PSE-EE). 

EH Bilduk azaldu du mozioaren alde bozkatu duela proposatu diren neurriekin ados dagoelako, eta horiek "positiboak" izanik ere, etxebizitzen arazoari ez diola "errotik" heltzen eta ez duela konponduko. Koalizio subiranistak gogoratu du aurrekontuen emendakin bat aurkeztu ziela, Udalak merkatu librean jarri dituen 39 etxebizitzari erabilera publikoa emateko. "Etxebizitza-eskubidea gauzatzeko bidean urratsak egin behar dituzte, ez negozioa". ELOPek aurka bozkatu du, jeltzaleen mozioaren planteamendua ez delako haiek proposatutako bera, eta beste behin azpimarratu du legeak sistema bat izan behar duela gehiegizko alokairua saihesteko: "Hori egiten ez bada, enpresen espekulazioaren alde egingo da, Zapategi kaleko hiru bloketan ikusten ari garen bezala". 

PSE-EEko zinegotzi Lourdes Acevedok hartu du hitza ondoren, etxebizitza-eskubideari buruzko bi mozioen gainean alderdi sozialistak hartu duen jarrera azaltzeko. "Etxebizitzaren arazoa larria da, baina, demagogia erabiltzen ari zarete, egindako ahalegina ahaztu nahian". Acevedoren hitzetan, EAEn gaur egun indarrean dagoen legearen oinarriak PSE-EEk finkatu ditu: "Eskubide hori aitortzen zaio gizarteari, eta Europako garatuenetako bat da". Zinegotziak adierazi du etxebizitzaren gaia "zabalegia" dela udalbatzarrean konpondu nahi izateko, iritzi eta interes asko baitaude horren gainean. "Borondate onarekin neurriak onartzea ez da aski; proposamenek oinarri finkoa izan behar dute, erakunde guztiek inplikatu behar dute". Zehaztu duenez, gaur egun 30.000 familia baino gehiagok jasotzen dute alokairua ordaintzeko laguntza bat, eta 2022an baldintzak hobetzea galdegin du alderdi sozialistak. Zapategin bizi diren familien kasuari dagokionez, Acevedok jakinarazi du bilerak egin dituela Udal Gobernuak familien ordezkariekin eta Stop Desahuciosekin; txostenak egingo dituzte familia bakoitzaren egoera zehatza zein den ikusteko.

Galderak eta erreguak

Gai-zerrendako puntuekin amaitu eta gero, galdera eta erreguen txanda iritsi da. ELOPek Udal Gobernuari galdetu dio herriko ortu ekologikoen gainean, jakiteko lasarteoriatarrek epe motzean erabili ahalko dituzten edo ez. EH Bilduk udaletxea garbitzen duten langileen afera mahaigaineratu du, eta Udal Gobernuari eskatu dio langileekin eta haien ordezkari legalekin negoziatzera esertzeko. "Bi batzorde sortu ditugu gaia ongi ulertu eta konpontzen saiatzeko, baina ez dute aurrerapausoak egiteko balio izan", adierazi du Martinek.