Chourraut, Tokiorako prestakuntza fintzen

Nerea Eizagirre 2021ko api. 9a, 09:30
Maialen Chourraut, Espainiako kopako proba batean lehian. Arg.: RFEP.

Maialen Chourraut piraguista Paris 2024 Joko Olinpikoetako kanalean ari da lanean egun hauetan. Paris eta Tokioko kanalek dituzten antzekotasunarengatik aukeratu dute kanal hori. Entrenamenduez gain, Lasarte-Oriako kirolariak lehiaketak ere izan ditu aste hauetan. La Seu D'Urgellen eta Pauen lehiatu diren Pirineus Kopako bi jardunaldietan garaile izan da herritarra

Ehun bat egun geratzen dira Tokioko Joko Olinpikoak hasteko eta Maialen Chourraut herritarra buru belarri ari da lanean. Ahal duen lehiaketetan parte hartu eta entrenamenduak moldatzen ari da hitzordu garrantzitsurako prest egoteko.

Tokiora bidaiatu ezin duenez, gure inguruan antzeko baldintzak dituen kanal bat aurkitu behar izan du Espainiako piraguismo taldeak eta Paris 2024 Joko Olinpikoak hartuko dituen Vaires-sur-Marne kanala izan da aukeratutakoa. Hori dela eta, aste honetan Parisen ari da lanean herritarra Espainia selekzioko taldearekin. 

Chourrautek azaldu duenez, eraikuntza motari eta zailtasun mailari dagokionez, Kasaiko eta Vaires-sur-Marne kanalek antzekotasun handiak dituzte. Horregatik, "Tokioko kanalerako egokitzapena egiten hasi nahi dugu bertan".

Lehiaketak

Bain entrenamenduez gain, garaipenak metatzen doa herritarra. Martxoaren amaieran, Pirineus kopako bi jardunaldietan lehiatu zen herritarra. Ongi ezagutzen dituen Segreko parkeko eta Paueko kanaletan borrokatu zen Chourraut, bai sailkapen probetan, baita finaletan nagusi izan zen.

La Seu D'Urgelleko proban ibili zen azkarren herritarra. Akatsik gabeko jaitsieran 86.65 denborarekin lortu zuen garaipena. Paueko kanalak, berriz, lan gehiago eman zion herritarrari eta sailkapen, zein finalean akatsak izan zituen. Hala ere, 105,88 denborarekin irabazle izan zen.