Buruntzaldea IKTko igerilariek ederki eman diote amaiera neguko denboraldiari

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 8a, 13:15
Andoaingo proban parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT

Neguko denboraldiko azken proba antolatu zuen Buruntzaldea IKTk martxoaren 27an, Allurralde kiroldegian, Kontrol lehiaketako 5. jardunaldia. Buruntzaldea IKTko hamazazpi igerilari egon ziren lehian eta guztira 23 marka pertsonal hobetu zituzten. Oztopoak oztopo, Buruntzaldea IKTko kideek denboraldiko irakurketa pozgarria egiten dute eta orain, udako denboraldia prestatzen hasi dira 

Buruntzaldea IKTko igerilariek martxoaren 27an, Kontrol Lehiaketako 5. jardunaldia izan zuten Andoaingo Allurralde kiroldegian. Bi txandatan, 60 igerilarik parte hartu zuten proban, horietatik hamazazpi Buruntzaldea IKTkoak izan ziren.

Guztien artean, 23 marka pertsonal ondu zituzten:

  • Aimar Sukunza, 100 m. lau estilo proba, 1:17,31.
  • Aintzane Sarobe, 200 m. tximeleta proba, 2:35,33.
  • Eneko Elizasu: 50 m. bular proba, 33,77; 50 m. tximeleta proba, 30,37; 100 m. lau estilo proba, 1:06,32 eta 200 m. lau estilo proba, 2:22,41.
  • June Lopez: 50 m. libre proba, 30,41 eta 100 m. bizkar proba, 1:13,16.
  • Izaro Audikana: 400 m. libre proba, 4:59,84 eta 100 m. bular proba, 1:27,87.
  • Garazi Etxeberria: 50 m. libre proba, 28,22; 100 m. libre proba, 1:01,19 eta 200 m. libre proba, 2:18,80.
  • Julen Azpirozek 50 bular m. proba, 42,17; 100 m. bular proba, 1:30,50; 100 m. tximeleta proba, 1:19,63 eta 400 m. lau estilo proba, 5:41,66.
  • Iker Gorostegui: 50 m. tximeleta proba, 34,18.
  • Iker Gandia: 50 m. libre proba, 30,50 eta 100 m. libre proba, 1:04,22.
  • Jon Pelayo: 200 m. bular proba, 3:06,25.
  • Unai Barcina: 100 m. lau estilo proba, 1:13,38.
  • Garazi Irigoras: 50 m. bizkar proba, 40,92.

Horietako bi marka gainera, Saroberen 200 m. tximeleta probakoa eta Elizasuren 200 m. lau estilo probakoa taldeko 17 urteko errekor berriak dira.

Irakurketa ona

Emaitza heuekin neguko denboraldiari amaiera ederra eman diote Buruntzaldea IKTko igerilariek eta horregatik,  irakurketa positiboa egiten du Buruntzaldea IKTko arduradun Borja Apeztegiak. “Oso gorabeheratsua izan den denboraldiko lehen zatia amaitzeko balio izan zuen lehiaketa honetan gureek markak hobetzen jarraitu zuten eta guretzat oso esanguratsua da hori”.

Pandemiaren eraginez infantil, junior eta absolutu mailako igerilariak gutxiago entrenatzen ari direla nabarmendu du, “ohiko bi orduetatik, batzuk egunean ordu eskas bat ari dira entrenatzen (handienak) eta beste batzuk ordu eta erdi, gehienez ere. Entrenamenduko aukera murrizketa horrekin gureek aurrera egiten jarraitzen dutela ikustea oso pozgarria da guretzat”.

Orain denboraldiko bigarren zatiari begira lanean hasiko da taldea eta igerilarien helburuak lortzeko plangintza egokia egiten saiatuko dira egoera lagun badute. “Egoera pixka bat egonkorragoa bada, entrenamendu plangintza aldetik lan hobea egiteko aukera izango dugu udarako lehiaketei begira gureek euren helburuak lor ditzaten”.