Ostadar Errendimendiko taldeak, garaipena etxean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 31a, 12:30
Junior Erendimendu mailako Ostadar eta Easo taldeen arteko partidako irudia. Arg.: Jose Angel Hidalgo.

Ostadar Junior Errendimendu taldeak txapelketako lehen puntuak eskuratu zituen martxoaren 27an, Maialen Chourraut kiroldegian. Izar Beldarrain herritarra kide duen Easo Ibaeta Basket Plagamania taldea izan zuen aurrez aurre Endika Marrahik zuzentzen duen taldeak eta 77-52 gailendu zen talde urdin-beltza.

Ostadar Junior Errendimendu taldeak  txapelketa berriko lehen garaipena eskuratu zuen etxean. Partida hasierak, ordea, ez zuen gerora etorriko zena iragartzen.

Easo Ibaeta Basket Plagamania taldea izan zen lehena markagailua irekitzen. Ostadar SKTko jokalariek ederki erantzun zuten eta hiruko saskiratze batekin erantzun zioten.  Donostiako taldea tartea irekitzen saiatu zen eta Ostadar atzetik joan zen ia zati osoan. 12-17koaren ostean, Easok pertsonaleko marratik huts egin eta Marrahiren jokalariek  partida berdintzera iritsi ziren, 19-19.

Bigarren zatian puskatu zuen partida Endika Marrahik zuzentzen duen taldeak. Erasora atera zen eta aurre hartzea lortu zuen, 24-19. Easok erantzungo zuela zirudien arren, biko saskiratzea egin zuen, ezin izan zuen saskira hurbildu Ostadarreko defentsari esker. Gainera, lehen zatiaren antzera, jaurtiketa pertsonaletan huts egin zuen areriok. Egoeraz baliatuz, hamalau puntuko tartea izatera iritsi zen talde urdin-beltza, 35-21. Easo Ostadarri gerturatzeko saiakera egin zuen. Atsedenaldira 42-30 iritsi ziren.

Berdinduagoa izan zen hirugarren zatia. Bi taldeek ongi erantzuten zioten arerioaren erasoei. Aukera ugari izan zuen Ostadarreko juniorrak pertsonaleko marratik, baina ezin izan zituen guztiak gauzatu. Hala ere, bi talden arteko tartea pixka bat handitzea lortu zuten jokalari urdin-beltzek, 55-41.

Azken zatian, berriro ere, Ostadar izan zen nagusi. Sarritan iritsi zen saskira eta 22-11 partzialarekin partida guztiz erabaki zuen.

Sailkapenerako puntuak

Ostadar Saskibaloi ataleko gainerako taldeek ere puntuak lortu zituzten, junior partaidetza taldeak izan ezik.

Senior taldeak partida gogorra zuen aurretik eta azkenean, Graficas Juaristi ZKE 50-53 garaitu zuen, Zarautzen.

Txapelketa ongi hasi zuen II. seniorreko taldeak. Andraitz taldea izan zuen aurrez aurre Maialen Chourraut kiroldegian eta 84-63 gailendu zen.

Zorte txarragoa izan zuen junior partaidetza taldeak eta 16-29 galdu zuen Avia Eibar Saskibaloia junior taldearen aurka.