Carbayeda, Errenteria Hiria sariko podiumean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 31a, 10:30
BeƱat Carbayeda, Errenteriako Hiria probako podiumean. Arg.: Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioa

Buruntzazpi txirrindularitza elkarteko juniorrak ez dira podiumetik jaisten. Duela bi aste Beñat Carbayeda Azpeitiako San Jose probako podiumeko hirugarren mailan izan zen eta martxoaren28an jokatutako Errenteria Hiria sarian ere postu bera lortu du

Lasarte-Oriako txirrindulari juniorrak berriro ere lasterketako lehen postuetan izan dira. Martxoaren 28an, igandearekin, Errenteria Hiria saria antolatu zuen Laguntasuna txirrindulari elkarteak.

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiako 110 parte-hartzaile bildu ziren horien artean, Buruntzazpi Txirrindularitza eskolako Beñat Carbayeda eta Viveros San Anton taldean dagoen Ander Altuna herritarra. Errenteria, Oiartzun, Gaintxurizketa eta Lezo arteko errepideek osatutako zirkuituari lau bira eman behar izan zizkioten gazteek, guztira 77,4 kilometrotako ibilbidea. 

Bigarren itzulia amaitzear zegoela bederatzi kideetako taldetxo batek ihes egin zuen. Horien artean zeuden Carbayeda eta Altuna. Gaintxurizketako azken igoerara arte taldea batera mantendu zen. Tamalez, Limousin Oriako taldeko Unai Zubeldiak erasoa egin zuen bertan eta taldeak ezin izan zion erritmoa jarraitu. Bakarrik iritsi zen helmugara.  Atzean hiruko talde bat sortu zen, Carbayeda herritarrak Ampo-Ikolan Sport taldeko Daniel Casaisekin eta Dinuy taldeko Haritz Seinekin borrokatu behar izan zen azken metroetan podiumeko beste bi mailak erabakitzeko. Carbayedak hirugarren igaro zuen helmuga. Ander Altunak, berriz, lasterketa utzi behar izan zuen.

Azpeitia eta Zarautz

Larunbatean, berriz, kadete mailako Azpeitia saria antolatu zen. Buruntzazpiko Adur Tapia (18.) eta Eneko Arangurenek (39.) parte hartu zuten.

Gainera, martxoaren 19ko asteburuan ez zuten atsedenik izan bi kadete horiek eta Gaztetxo torneoko Zarautztarra saria lehiatu zuten. Bigarren urteko kadete lehian Tapia 11. izan zen; Aranguren, berriz, 67. postuan iritsi zen helmugara.

Afizionatuak

Bestalde, Asier Pozo herritarra Eibar Txirrindulari taldean ari da afizionatuetako 23 urte azpiko mailan. Martxoaren 28an, Lehendakari probako Gorlako Igoeran lehiatu zen herritarra. Ez zuen egun ona izan eta 90. iritsi zen helmugara. Denboraldia hasi zenetik Euskaldun trofeoko Zumaiako Sarian, Lizarrako Cirilo Zunzurren Oroimenezkoan edo Espainiako Kopako Aiztondo klasikoan ere parte hartu du gazteak.