Zubigune fundazioak Lasarte-Oriako Kale Nagusiko 56. zenbakian du egoitza. Han, besteak beste, ZubiOrganic gunea dago. Trebakuntza- eta esperimentazio-gune bat da: bioekonomia zirkularraren arloan egiten du lan. Probintzia- eta herri-mailako politikariek egoitza bisitatu dute gaur eguerdian: Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio, Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia eta udal horretako Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandez, besteak beste. Asensiok adierazi duenez, irizpide iraunkorra prestakuntza maila guztietan txertatzea "estrategikoki beharrezkoa" da, "bai derrigorrezko hezkuntzan, bai eta profesionalean zein unibertsitatekoan". Ingurumen diputatuaren esanetan, "eredu ekonomiko berriaren oinarrian" egon behar dute zirkulartasunak eta jasangarritasunak, "enplegu berderako beharrezko eskumenak" izateko.
Farmer Fish erronka
Lehen eskutik ezagutu duten proiektuetako bat Farmer Fish erronka delakoa da. Ikastetxeei zuzenduta dago, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan ikasten ari diren neska-mutilei bereziki; helburua da haien artean ingurumen-hezkuntza sustatzea, naturaren babesarekin eta garapen jasangarriarekin kontzientziatuta dauden pertsonak prestatze aldera. Egileek zehaztu dutenez, hainbat kontzeptu ikasten dira egitasmo hori gauzatu bitartean: bioekonomia zirkularra, oreka biologikoa, jasangarritasuna, ekologia eta uraren kudeaketa jasangarria aipatu dituzte.
Proiektu hori burutzeko ezinbesteko piezak Kit Farmer Fish izena du. Miniaturazko sistema akuaponikoa da, eta, horren bitartez, ikasi daiteke sistemako izaki bizidunak biologikoki nola harremantzen diren, modu iraunkorrean. Arraina da protagonista, barazkiak eta landareak zaintzen dituen baserritarra. Animalia horri jaten emanez gero, landareak hazi egiten dira, bioekonomia zirkularreko ekosistema txiki horretan modu naturalean sortze diren elikagaiak aprobetxatzen baitira.