Martin ahizpak, Espainiako onenen artean lehian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 30a, 14:00
Martin ahizpak 200 m. bular probako dominekin. Arg.: Bidasoa XXI.

Espainiako open eta junior mailako neguko txapelketa jokatu zen martxoaren 24tik 28ra, Sabadelleko Can Llong igerilekuan eta Espainiako onenen artean lehiatu ziren Bidasoa XXI taldeko Ainhoa eta Leire Martin herritarrak. Ainhoak bost A finaletako txartela lortzeaz gain, absolutu-gazte mailako bost domina jantzi (urrezko bi, zilarrezko bat eta brontzezko bi) eta 200 m. bular proban Euskadiko errekorra berritu zuen. Leirek, berriz, absolutu-gazte mailako hiru brontzezko domina eskuratu ditu. Neguko denboraldia ederki amaitu dute, beraz, Martin ahizpek

Ainhoak eta Leire Martin igerilariek gutxienez egunero proba batean parte hartu dute Espainiako txapelketan. Ainhoak bost proba egin ditu eta guztietan A finalean izan da; Leirek sei proba burutu ditu eta B finaletan lehiatu da.

Asteazkenean, martxoaren 24an, 50m tximeleta probari egin zion aurre Ainhoak; Leirek, ordea, 100 m. bizkar proba egin zuen.

Ainhoak A finalean parte hartzeko aukera ematen zion 28.00 denbora egin zuen sailkapenean. Finalean, berriz, absolutu-gazte mailako garaile eta sailkapen orokorreko zazpigarren izan zen bere marka pertsonala hobetuz, 27.91. 

Bizkar probako 100. metrokoan Leirek B finalerako denbora lortu zuen sailkapenean, 1:04.54. Finalean dezima batzuk azkarragoa izan zen eta 1:04.08 denborarekin absolutu-gazte mailako hirugarren eta sailkapen orokorreko hamargarren postua eskuratu zituen.

400 m. lau estilo probari egin zioten aurre bi ahizpek martxoaren 25ean. Sailkapenean Ainhoak 4:55.64 denboran geratu zuen kronoa eta Leirek 4:58.29 behar izan zituen proba amaitzeko. Era horretara, Ainhoak final nagusirako txartela lortu zuen eta Leirek, aldiz, B finalekoa. Finaletan Ainhoak sailkapeneko denbora ondu zuen, 4:53.12 eta absolutu-gazte mailako brontzezko domina jantzi zuen; sailkapen orokorrean, ordea, zazpigarren izan zen. Leirek ez zuen denbora hobetzerik izan, 5:00.39 eta sailkapen orokorreko hamargarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Ostiralean, Ainhoak 100 m. bular proba eta Leirek bizkar probako 200 metroetako proba lehiatu zituzten.

Ainhoak bular probako A finalean parte hartu zuen, sailkapeneko 1:12.36 denborari esker. Finalean denbora hori jaisteaz gain (1:11.98), absolutu-gazte mailako urrezko domina eskuratu zuen. Sailkapen orokorrean zazpigarren izan zen.

100 m. bizkar probaren antzera, 200 metrotakoan ere absolutu-gazte mailako domina eskuratu zuen Leirek B finalean 2:20.72 eginez. Sailkapen orokorrean, berriz, hamabigarren izan zen.

Larunbatean, bigarrenez egon ziren bi ahizpak aurrez aurre 200 m. lau estiloko probako sailkapenean. Ainhoak 2:19.20 eta Leirek 2:23.08 egin zuten. Ondorioz, batak A finala jokatu zuen eta besteak B finala. Finaletan ez zuten denborarik hobetzerik izan. Hala ere, Ainhoak absolutu-gazte mailako hirugarren postua eta sailkapen orokorreko zortzigarrena eskuratu zuen, 2.20.43; Leire, berriz, sailkapen orokorreko hamabigarren izan zen, 2:23.55. 

Espainiako txapelketako azken jardunaldian, Leirek bi proba egin zituen lehena 50 m. bizkar proba izan zen. Sailkapena bakarrik jokatu zuen, 30.48.

Bestean, 200 m. bular proban, bere ahizparen aurka lehiatu zen hirugarrenez; biek lortu zituzten absolutu-gazte mailako dominak: Ainhoak zilarrezkoa eta Leirek, brontzezkoa. Baina dominaz gain, Ainhoak A finalean Euskadiko errekorra lortu zuen, 2:31.92.