Berrikuntzaz betetako txirrindularitza porra

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 30a, 12:00
Arg.: Ostadar SKT

Apirilaren 5ean hasiko da Euskal Herriko Itzulia eta horrekin batera, Ostadar SKTk antolatzen duen txirrindularitza porra. Aurten porra berrikuntzaz betea dator. Euskal Herriko Itzulia, Giroa, Tourra eta Espainiako Itzulia, lau porra jokatuko dira eta sari nagusia 1.600 eurokoa izango da. Bestea aldaketa batzuk ere badaude.

Ostadar SKTk lau itzulien porra antolatuko du lehen aldiz eta horrek aldaketa batzuk dakartza txartelaren prezioan, baita sarietan ere.

Aurten sari nagusia 1.600 eurokoa izango da. Saria lortu ahal izateko derrigorrezkoa da lau porratan parte hartzea eta lauetan boleto irabazleak izen berdina izatea. 

Porra bakoitzeko lehenak 400 euro irabaziko ditu, bigarrenak 200 euro eta etapako 65 euroko saria egongo da. Horretaz gain, porrako sei urdaiazpiko zozketatuko dituzte parte-hartzaile guztien artean.

Txartelek 8 euro balioko dute eta ohiko tabernetan edo elkarteko webgunean bete ahalko dira. Webgunetik ordainketa txartelaz egingo da, eta hori egin ezean, boletoa ez da erregistratuta geratuko. 

COVID-19ak eraginda itzuliren bat bertan behera geratuz gero, sariek aldaketak izango dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Aldaketa horien guztien informazioa, Ostadar SKTko webgunean dago eskuragarri.

Euskal Herriko itzuliko porra izango da lehena, eta apirilaren 4ra arte izango da txartelak egiteko aukera.