Kultura bizirik dagoela erakutsi eta aldarrikatu dute Antzerkiaren Nazioarteko Egunean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 27a, 22:10

Kukuka antzerki eta dantza eskolak 6. Antzerki Topaketa aurrera gauzatu du gaur.  Martxoaren 27a berez da data berezia diziplina honen inguruko artistentzat, baina are gehiago pandemiaren eraginez kulturak bizi duen egoera zaila kontuan hartuta. Arazo horrek eragindako mugak muga, antzerkiari lotutako ekimenak ez dira falta izan. 

Eguna antzerki tailerra egiten hasi dute. Sasoetako gimnasioan dozena bat gaztetxok antzerkiari lotutako ariketak egin, eta bereziki ondo pasatu dute museo berezi bateko artistak eta artelanak izaten, edota kideek bikoteka antzeztutakoa zer zen asmatuz.  

Eguerdian, tailerrean parte hartu dutenetako batzuei beste haur batzuk gehitu zaizkie eta Martintxo euskararen bila ipuin antzeztua ikusi dute. Zerrenda pasa, gelarekin eskuak garbitu eta gimnasiora bueltatu dira. Xabi Terrones Martintxoren azalean jarri da amonak izandako amets bati jarraiki, galduta duen hizkuntza berreskuratzen saiatuko da. Horretarako, haurrak izan ditu laguntzaile, baso bilakatutako gimnasioan barrena egindako ibilbidean. Galder ipotxaren bila aztarnak bilatu dituzte zenbait animaliari laguntza eskatuta. 

Arratsaldean, plaza irten dira Kukukako ikasle eta irakasleak. Okendo  hesiekin mugatutako eremuan jarritako aulkiak ia bete dira eta handik kanpora ere hainbat herritar batu da emanaldiak ikusteko. Hilkutxa bat atera dute sorbaldan irakasleek eta negar-malkotan bakoitzak bere pertsonaiaren ikur bat bota du barrura: sudur gorria, pailazoak; zapia, magoak; mazoak, malabaristak; urkilak eta tutuak dantzariek... Negarrez urrundu direnean, ordea, kutxa ireki eta "Kultura bizirik dago!" zion kartela eskuetan zuela irten da gizon bat. Korrika, botatakoa berreskuratu eta ordubete luzez erakutsi dute hala dela. LH1 eta DBH4 arteko ikasleek hamar pieza labur antzeztu edo dantzatu dituzte, eta guztiek txaloak jaso dituzte ordainetan.

Ekimena eta topaketa bukatzeko, Kukukako irakasleak erdigunera irten eta aldarrikapen manifestua irakurri dute.

 

Erlazionatuak

Antzerkiaren Nazioarte Eguna ospatu du Kukukak

Txintxarri Aldizkaria 2021 mar 27 Kultura