Korrika gogoratu dute "ekitaldi xume" batekin

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 29a, 13:52

22. Korrikak gaur bukatu behar zuela gogoratzeko, Euskal Herriko 80 udalerritan zenbait jarduera gauzatu dituzte AEK-ko euskaltegiek. Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamikarekin bat egin duenetako bat da Lasarte-Oria. Jardueren artean, Maider Segurola kazetariak AEK-k prestatutako idatzia irakurri du, Korrika 2022ko martxoaren 31etik apirilaren 10era bitartean aurrera eramango dutela jakinaraziz.

 

Eguerdian ekin behar zioten, baina minutu batzuk atzeratu da Lasarte-Oriako AEK-k antolatutako ekitaldiaren hasiera. Eguzkipeko itxaronaldia arintzeko, bereziki haurrei, Porrotx eta Marimotots igo dira plazan jarritako plataformara. Bien bitartean, hesi barruko zoruan marraztutako X-en gainean kokatzen joan dira ikusleak, zutik nahiz eserita. Minutu gutxiren ondoren, berriz, Tomax Arrutik eta Pontxo Moralesek hasiera eman diote egitarauari, adar nahiz txalaparta doinuekin. 

Pailazoek libre utzitako egiturara igotzen lehenak izan dira Earra! bertso eskolako kideak, euren trebestasuna erakusteko, eta aldi berean, oholtzapeko ezker alboan, Ione Zabala artista mural bat margotzen hasi da bere laguntzailearekin. Bertsoen ondoren, Erik Arzallusek lurretik altxarazi, eta lekuan korrika jarri du publikoa. Horretarako, orain arteko Korriketako abesti zatiak erabili ditu. Azkenarekin bezala, Klika, musika jarraituta batzuetan korrika nola egin behar duen ez dakiela aitortu du. Haurretako batzuek, berriz, edonola eta edonoiz lasterka egiteko prest daudela erakutsi dute. 

Asko egiteko

Musika itzalita, Maider Segurola kazetariak AEK-k prestatutako idatzia irakurri du. Pandemiak ekarritako osasun-neurriak errespetatuta, ohiko ikastaroekin jarraitzen dutela gogoratu dute, irakasleen nahiz ikasleen ahalegina nabarmenduz. Datu gisa, "Euskal Herrian nahiz munduko hainbat tokitan, aurten 40.000tik gora herritar dabiltza euskaraz komunikatzeko bidea egiten", baina herritarren %55 erdaldunak dira, beraz, "lan handia dugu egiteko" jendartea euskalduntzeko eta horretarako "euskaltegi guztiak dira beharrezko".

Bide horretan, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko administrazioei "bultzada estrategikoa" eskatu diote; baita herritarrei euren ekarpena ere, "egunero eta aukera dugun guztietan euskara erabiliz eta prestigiatuz, jendea euskaltegietara joan dadin animatuz, matrikulazio kanpainak sustatuz, euskaraz bizitzeko nahia plazaratuz..."

Korrika urtebete atzeratu behar izan badute ere, ez dute bertan behera utzi "duela 40 urte jaio zen ideia ero eta zoragarri hura"  inoiz baino beharrezkoagoa dela uste baitute. Hala, 2022ko martxoaren 31etik apirilaren 10era burutuko dutela ezagutarazi du AEK-k.

Segurolak lekukoa eman die Porrotx eta Marimototsi, bikoteak ere irakurtzeko mezu bat baitzuen. Ondoren, haur batzuek lagunduta kanta eta dantza ibili dira. Gainera, Marimototsek lehenengoz jo du trikitixa jendaurrean, eta hori gogoratzeko, ekitaldiaren amaieran argazkia egin du bertaratutuako haurrekin. 

Horren aurretik, ordea, Zabalak eta bere kideak margotutako murala oholtzara igo eta talde argazkia egin dute bertaratutakoek, eta euskaltegiko kideek eskerrak eman dizkiete plazan bildutakoei. 

Erlazionatuak