Deportazioaren amaierako bidaia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 27a, 22:11

Okendo Zinema Taldeak euskal dokumentalen zikloa amaitu du gaur Txaber Larreategi eta Josu Martinezek zuzendutako Caminho Longe dokumentalaren emanaldiarekin. 

Alfonso Etxegarai bizkaitarraren eta Kristiane Etxaluze zuberotarraren historiaren berri 2009ko Sagarren Denbora dokumentalean eman zuten bi zuzendariek. Etxegaraik bizitzaren erdia baino gehiago eman du Afrikako Sao Tomé eta Principe irlan. 1985ean Frantziak deportatu eta Espainiako agintariek Ekuadorrera bidali zuten ETAkide ohia. Bertan torturak pairatu zituen, eta gero, aipatu uhartera bidali zuten. Gorabehera horiek guztiek biltzen zituen lana "bukatu gabeko dokumentala" zela sentitzen zuten bi zuzendariek. Duela bi urte, ordea, Caminho Longe egiteko aukera sortu zen, 33 urte ondoren Etxegarairen itzulera kontatzekoa. 

Proiekzioa bukatuta, Larreategik bi lanak nola lotu zituen azaldu du, lehenik; ikusleek egindako galderei erantzun aurretik. Aurrekoa "atzerabegirakoa" zen, bien bizitza nolakoa izan zen eta nola markatu duen deportazioak, baita "beraien ametsa itzultzea eta sagarrondo batzuen bueltan beraien bizitza osatzea" zela ere. Lehena "nahiko guionizatua eta adostua" izan bazen, bigarrenean "unea harrapatu" nahi izan zuten, "errealistago" egin. 

"Oso gertutik" grabatutako lana da, beraien bizitzako une gogorrenetako batean. "Oso urduri" zeuden eta ez zuten atentzioa piztu nahi, beraz, bidaia grabatzea ere beste eztabaida puntu bat izan zela argitu du egileak. "Dena" grabatu zuten eta ez zekiten amaiera zein izango zen. Historiaren bukaera beharrean "hasiera berri bat" topatu zutela uste du. 

Hala erabakitzeaz gain, egoerak berak nolabait ere behartu zituen horretara, prestatzeko denbora gutxi izan baitzuten. Hilabete-hilabete eta erdian egin zuten. "Azkarra eta aldrebesa" izan zen, finantziazioa ondoren bilatu baitzuten. Hala nahi ez bazuten ere, "pelikula hau eskuzabaltasunaren emaitza da: ekoizleena, Alfonso eta Kristianerena eta jendearena crowdfunding kanpaina bat egin genuelako", argitu du Larreategik.  

Musika ardatz, apirilean

Euskal dokumentalen atala itxi dute lan honekin, baina errealitateari lotutako lanekin jarraituko dute. Apirilean musikaren inguruko dokumentalak ekarriko dituzte kultur etxera. Hilaren 16an, Berri Txarrak taldeari buruzko Dardara , eta hilaren 30ean, Crock of Gold The Pogues taldearen abeslari Shane MacGowani buruzkoa.