Mikel Zabalza kasuaren "zuzeneko" kontaketa

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 26a, 22:09

Okendo Zinema Taldeak euskal dokumentalei eskainitako zikloaren bigarren asteburua hasi du gaur Non dago Mikel? dokumentalarekin. Miguel Ángel Llamas zuzendaria bertan izan da testigantza eta garaiko irudien bidez Mikel Zabalzaren desagertzea biltzen duen dokumentalari buruz hitz egiteko.

Mikel Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian agertu zen 1985eko abenduaren 15ean, Guardia Zibilak atxilotu eta hogei egunez desagertuta egon ondoren. Egun horietan gartatutako argitzeko asmoz egin dute Miguel Ángel Llamasek eta Amaia Merinok Non dago Mikel? dokumentala. 

Lasarteoriatarren jakin mina piztu du lanak eta aretora herritar ugari bertaratu da; batzuek, gainera, galderak egiteko aukera baliatu dute proiekzio ondorengo solasaldian. Mikel Yarzak egin ditu lehenak eta haiei erantzunda azaldu du Llamasek hamaika urteko bidean elkarrizketa asko eta dokumentazio lan zabala egin ondoren, zailtasun handiena "fokoa non jarri" erabakitzea izan dela, "adar asko" baititu kasuak. Historia modu ulergarrian eta gehiago jakiteko interesa pizteko moduan kontatu nahi izan dute; oso presente izanda badirela "hau eta torturaren garai gogorrenak bizi ez dituzten belaunaldiak. Tortura urruneko zerbait da jende askorentzat". Horren aurkako lana da eta xedeetako bat, kasua bera argitzeaz gain, horren inguruko ikerketa eskatzea Nafarroako gobernuari.. 

Oraingo irudiak eta artxibokoak uztartu dituzte, nagusiki, ETBko grabaketa gordinak. "Ia-ia zuzenean" kontatu zuen kasuaren bilakaera, garai horretan nahiko ezohikoa zena, eta materiala "euskal gizartearen egoeraren ispilua" dela uste du. Horrek ahalbidetu du ikuslea  kokatzeko egunez eguneko kontaketa egiteko material nahikoa izatea. Artxiboko irudietan bere burua aurkitu duenik ere bazen aretoko ikusleen artean. 

Dokumentaletik kanpo gelditutako materialetako asko Ahotsa.info webguneko Galdutako objektuak webseriaren bidez zabaltzen ari dira. Bertan entzun daitezke Zabalza Intxaurrondon jasandako torturaren ondorioz hil zela jasotzen duen Pedro Gómez Nieto kapitainaren eta CESIDeko koronel ohi Juan Alberto Peroteren arteko elkarrizketa. Estreinaldiaren egunean ezagutarazi zituzten eta horren ondorioz puri-purian dago gaia. Zuzendariari zinemak izan dezakeen eragina berresteko balio izan dio. "Gauza batzuk ondo prestatu genituen eta ondo atera dira, audioena adibidez. Público egunkarian agertu ziren egunean beste edozer handia gertatzen bada, ez duzu horrenbesteko oihartzuna. Ez zen gertatu eta oihartzun handia izan zuen". 

Patuak lotuta

Bitxikeria gisa, pasadizoren bat ere partekatu du zuzendariak. Dokumentazio lanean ari zela, Lazkaoko artxibategian Llamasek bere atxiloketaren aurkako protestetako kartel batzuk topatu zituen, eta haietan, bere irudia Zabalzarenaren ondoan ikusi zuen. "Patuak nola lotu gaituen pentsatu nuen". 2011n espertxeratu zuten Apurtu.org webgunearen desartikulazioari lotutako Espainiako Polizia Nazionalaren operazioan. Lanarekin hasi eta gutxira, horregatik luzatu da horrenbeste.

Nahiz eta beldurra izan duela onartu, erakundeen aldetik (Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, udalerriak...) erraztasunak izan ditu. Gainera, hil aurretik Ion Arretxeren testigantza jasotzeko aukera eduki izana “pribilegiotzat” jo du. Intxaurrondo. La sombra del nogal liburuaren egilea Zabalzarekin batera atxilotu zuten torturatu guztien ahotsa" bihurtu zela uste du Llamasek. "Euskal Herrian toturatu asko egon arren, ez da erraza komisaldegian bizitakoa kontatzea. Lotsagatik, beldurragatik, ez duzulako hori berriz bizi nahi... Baita askotan kontatzea zer egin dizuten hor barruan torturatua izan ez den pertsona bati zaila da adieraztea. Zaila da ulertzea hor egon gabe hori zer den. Arretxek gaitasun hori zuen". 

Egin nahi duen ekarpenaz galdetuta, urteotako lanari esker, bertsio ofiziala gaur egun inork ez duela defendatzen aipatu du, baina aitortza falta dela. Hala, Llamasek erreparazioa eskatu du toturatuak izan diren ehunka herritarrentzat. EAEn 4.000tik gora.