COVID-19

Beste bi kutsatze erregistratu dituzte ostegunean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 26a, 13:23

Koronabirusaren hedatzearen inguruan Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak bildutako datuen arabera, ostegunean bi kutsatu berri atzeman dituzte herrian. Horiek batuta, 43 kasu zenbatu dituzte martxoan, aurreko bi hilabeteetako kopuruetatik urruti. Intzidentzia metatuak sei puntu gora egin du asteazkenekoarekin alderatuta, eta egun, 168,02 da. 

Beterri-Buruntza eskuldean hamabi kutsatze diagnostikatu dituzte ostegunean: bost, Hernanin; hiru, Andoainen; bi, Lasarte-Orian eta bana, Usurbilen nahiz Astigarragan. Beraz, Urnieta da kasurik zenbatu ez duen bakarra.  Astigarraga izan ezik gainerako udalerri guztiak eremu horian daude. 

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, ostegunean gauzatutako 10.040 proba diagnostikoen bidez 604 positibo berri atzeman dituzte: Gipuzkoan, 199, Bizkaian, 293; eta Araban, 104. Gainerako zortziak beste toki edo eskualdetakoak dira. Positibo tasak gora egiten jarraitzen du, gaur gaurkoz, %6,0 da. 

Osakidetzako ospitaleetan 227 gaixo daude, bezperan baino hamalau gutxiago, horietako 87, ZIUetan.