Traineruak, berriro ere, bogan dira. Otsaila amaieran denboraldi-aurreko lehiaketak hasi zituzten eta dagoeneko Arraun Lagunak taldeak bandera bat altxa du.
Denboraldi berri honetan hainbat herritar izango ditugu Euskotren mailako bi eskifaietan banatuta. Arraun Lagunak taldeko Lugañenen hiru herritar egon ahalko dira lehian. Iaz debuta egin zuen Aiora Belartietaz gain, Paula Gonzalez eta Izar Agirretxe herritarrak taldearekin entrenatzen ari baitira. Horiez gain, urtebeteko atsedenaren ostean, Hondarribiara itzuli da Intza Fernandez.
ARCko 2. mailan, berriz, Gaizka Ormazabal izango da Hibaika taldean.
Garaipena
Egun eskifaiak udako denboraldia prestatzen ari dira eta hainbat proba jokatu dituzte.
Lehen hitzordua, otsailaren 28an izan zen, Hondarribiako XXI. traineru jaitsiera; Euskadiko iraupen luzeko traineru txapelketa martxoaren 3an eta martxoaren 21en, Oriaren XXVII Traineru jaitsiera jokatu zen.
Aurre-denboraldiko proba garrantzitsua izan ohi da Oriokoa, aurreko edizioan maila ezberdinetako 90 traineruk baino gehiagok parte hartu zuten. Aurten, ordea, pandemiaren eraginez parte-hartzaile kopurua murriztu behar izan dute antolatzaileek eta emakume zein gizonezko senior mailako eskifaiak bakarrik parte hartu dute, 30 guztira.
Bertan izan ziren herritarrak dituzten hiru eskafaiak.
Emakumezkoen mailan, Arraun Lagunak izan zen azkarrena, 14:42,03 eta Hondarribiak laugarren postuan amaitu zuen, 14:59,34.
Lugañeneko arraunlari Aiora Belartietak aipatu digunez, "Hasiera hasieratik trainerua oso ondo atera zen eta estropada guztian horrela jarraitu genuen. Irabazteko aukerak bazeudela bagenekien, azken finean neguan lan ona egin dugulako. Baina diferentzia horrekin irabaztea ez genuen espero".
Gizonezkoen mailan, berriz, hemeretzigarren izan zen Hibaika, 21:25,92.
Bestetik, Euskadiko iraupen luzeko traineru txapelketan Intza Fernandez kide duen taldeak parte hartu zuen eta hirugarren amaitu zuten proba, 15:49,26.
Hondarribiko proban, berriz, Arraun Lagunakek hirugarren denborarik onena egin zuen 15:52,08 eta Hondarribiak, berriz, laugarrena, 15:57,44. Hibaikako mutilak hamaseigarren izan ziren, 23:03,28.
Asteburu honetan, martxoaren 27a, igandearekin, traineruek hitzordu berria dute, San Pedroko Testa.