Buruntzaldea IKTko igerilariak, markak onduz azken asteetan

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 23a

Nahia Zudaire Espainiako errekorra egin duela adierazten duen kanpaia jotzen. Arg.: FEDEDDF

Erkidego arteko Absolutu mailako Espainiako Txapelketan lehiatu da Nahia Zudaire igerilaria asteburuan. Martxoaren 13an eta 14an, berriz, talde guztiak Gipuzkoako Kluben Kopan parte hartu zuen. Bi lehiaketetan marka pertsonal berri ugari egiteaz gain, Zudairek SM8 klaseko absolutu mailako bi Espainiako errekor berri egin zituen eta 400 m. librean, berriro ere, Paralinpiar Jokoetarako B gutxieneko marka egin zuen 

Nahia Zudaire Castelló-n Erkidego arteko Absolutu mailako Espainiako Txapelketan lehiatu da Euskal Selekzioarekin. Igerilari gazteak emaitza ederrak lortu ditu lehiaketa honetan.

Zudairek lau probetan parte hartu zuen txapelketan: 50 m., 100 m. eta 400 m. libre probetan, 100 m. bizkar proban eta 200 m. lau estiloetan. Proba guztietan ederki ibili zen eta markak hobetu zituen ia lehia guztietan.

Esanguratsuena 400 m. librean egindako 5:06,32a da. Marka pertsonala ez izan arren, Oviedon egindako 5:06,21tik gertu ibili da gaztea eta, berriro ere, Paralinpiar Jokoetarako B gutxienekoa egitea lortu du. Gainera, proba horretako 200 metroko pasean, Zudairek bere marka pertsonala eta Espainiako errekor berri bat ezarri zituen kronoa 2:29,24an geratuz.

100 m. librea eta 200 m. lau estiloetan ere bere marka hobetzea lortu zuen kronoa 1:10,34an eta 3:04,99an geratuz, hurrenez hurren. Lau estiloetako probako marka SM8 klaseko absolutu mailako Espainiako errekor berria ere bada. Proba horretan gainera 50 m. tximeleta estiloko pasean marka ontzea ere lortu zuen, 36,71.

Bizkar estiloko 100 m. metro proban ere ez zen atzean geratu. Marka berria egin zuen, 1:33,08a eta 50 metroetako pasean, distantzia horretako marka berria ere hobetu zuen, 46,06.  “Proba hau ez da oso ohikoa Nahiarentzat, baina beste estilo batean lehiatzeko aukera ona zenez, bertan lehiatu zen,” adierazi du Borja Apeztegia Buruntzaldea IKTko prestatzaileak.

Hobetu ez zuen marka bakarra 50 m. libre probakoa izan zen. “Oraindik ere abiaduran igeri egitea kosta egiten zaio Nahiari”.

Gipuzkoako Kluben Kopan, gustura

Bestalde, martxoaren 13an eta 14an, Gipuzkoako Kluben Kopan parte hartu zuen Buruntzaldea IKT taldeak. Horretan, neskek laugarren postua eskuratu zuten, mutilak bosgarren izan ziren eta sailkapen orokorrean bosgarren izan zen igeriketa taldea

Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu duenez, aurten tamaina handiko taldeen aurka lehiatu behar izan da Buruntzaldea IKT. “Aurre-sailkapen bat egin zen Gipuzkoako talde ezberdinek aurre-inskripzio bidez egindako txapelketa birtual baten bitartez. Hala, lehen 6 taldeak A mailarako sailkatu ziren eta beste guztiak B mailan. Horren arabera, gure taldea A mailan lehiatzeko sailkatu zen eta Bidasoa XXI, Tolosaldea, Eibar Igerixan, Izarraitz eta Zubi-Aurre taldeekin lehiatzea egokitu zitzaion”.

Buruntzaldea IKTko hemezortzi igerilari lehiatu diren proban. Igerilariek asteburu ederra izan zuten. Guztiak ahalik eta talde-sailkapen onena lortzeko lehian aritu ziren eta horregatik, lortutako emaitzekin gustura daude igeriketa taldeko ordezkariak. “Guk proba guztiak behar bezala betetzeko igerilari gehiago behar genituzkeen arren, pozik gaude lortutako emaitzekin: nesken taldea podiumetik postu batera geratu zen eta mutiletan zein orotara, bosgarren postua lortu genuen”.

Gipuzkoako Kluben kopan parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT

Kirol emaitzei dagokionez, Buruntzaldea IKTko taldekideek 43 marka pertsonal berri egin zituzten, baita taldeko zazpi errekor berri ere. Azken marka multzo honetan Aintzane Sarobek eta Eneko Elizasuk lortutakoak nabarmentzen dira. Izan ere, Sarobek 17 urteko lau errekor berri ezartzea lortu baitzuen: 50 m. libre, 27,60an; 100 m. libre, 59,24an; 50 m. tximeleta, 30,87 eta 100 m. tximeletakoa, berriz, 1:07,28. Tximeleta erako 50 metro probako marka izan ezik, beste hirurak absolutu mailako taldeko errekor berriak ere badira. Enekoren errekorrak, berriz, estilo librean izan ziren; 800 m. libreko 17 urteko errekorra 9:15,26an utzi zuen eta 1500 m. librekoa, aldiz, 17:14,71n.

Aste Santuko oporraldiaren aurretik, azken hitzordu bat izango dute, Euskadiko Federazioaren Kontrol Lehiaketako bosgarren jardunaldia. Ondoren ondo merezitako atsedena izango dute igerilariek.