Umoreak duen boterea eta garrantzia aztertu du Ane Labakak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 22a, 18:18

Donostiako Udal liburutegian aurkeztu du gaur goizean Algara mutilatuak. Umorearen ahobikotasunaz, feminismotik entsegua Ane Labaka Mayozek (Lasarte-Oria, 1992). Susa argitaletxearen Lisipe bilduma feministaren 9. alea da eta haren editore Jule Goikoetxea izan du alboan, aurkezle. Egileak aitortu duenez, ekitaldi "oso berezia" izan da, gertuko jende askoren aurrean eman baititu lanari buruzko xehetasunak. 

Umoreari lotuta bi lerro aztertu nahi izan ditu lasarteoriatarrak. Batetik, genero-sistemak umorearen garapenean duen eragina, eta bestetik, umorearen erabilera genero-sistema horren erresistentziarako edo transgresiorako bide bezala. Gaiari lotuta urtetan egindako bidearen beste urrats bat da, liburuaren funtsa Gizarte Antropologia nahiz Ikasketa Feministak eta Generokoak masterretan gauzatutako ikerketa lanak baitira. Tiraderan gordeta utzi zituen bolada batez, gaur aurkeztutako obra egitea erabaki zuen arte.

Bilduta zuenari gehitu dizkio Euskal Herrian umorea ikuspegi feminista batetik aztertu duen lehen lanaren oinarri teorikoa, Uxoa Anduagaren Herri barrez: Umore bidezko euskal nazioaren eraketa prozesua tesia; eta hainbat elkarrizketa. "Opari handi" gisa definitu ditu Beatriz Egizabal, Idoia Torregarai, Aitziber Garmendia eta Irantzu Varelarekin izandako solasaldiak; baita zenbait oholtzakiderekin partekatutakoak ere: Alaia Martin, Uxue Alberdi, Nerea Elustondo, Onintza Enbeita, Ainhoa Agirreazaldegi, Amaia Agirre, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Maite Berriozabal.

Feminismoa eta plaza andreen inguruan  ikertutakoa begiratzean, ohartu zen umorea askotan zeharka aipatu arren, inork heltzen ez zion gaia zela. Horri ekin zionean, ikastaroak eta hitzaldiak emateko aukera izan zuen zenbait helduen bertso eskolatan. Haietan bertsolari umoretsuak izendatzeko eskatu ohi zien partaideei eta generoaren arabera zerrendatzen zituen. Emakumezkoen zutabea hutsik geratzen zen, eta hutsune hori gogoan zuela idatzi du Algara mutilatuak

Ezkutuko zauria

Aitortu duenez, iturburuan balizko beste gai askoren artean, umorea, "ausaz" aukeratu zuela uste zuen; sakontzen joan zen heinean, ordea, ohartu zen ez zela hala. "Momentu askotan sentitu dut elkarrizketatuek ispilu bat jartzen zidatela aurrean. Deskubritu dut nolabait nik zer min edo zauri propio neuzkan umorearekin lotuta eta nondik zetozen". 

Harritu duenari buruz Goikoetxeak galdetuta, Labakak adierazi du bidean jabetu dela marra gorriak argi dituela seriotik ari denean, umoretik, berriz, zailago zaiola filtroa jartzea; eta hortik, bi gogoeta egin ditu. Batetik, "nolako mekanismoak dituen umoreak gu engainatzeko", alegia, barregarria ez den zerbaitek lehen kolpean, edukian pentsatu gabe, algara piz dezakeela; eta bestetik, "gozamenerako eta dibertsiorako alor bezala ulertze horren zenbat daukan eraikuntzatik", hau da, "nori komeni zaion guk pentsatzea umorea gauza hutsala dela". 

Bost ataletan banatu du 112 orriko lana. Lehenengoan, umorearen joko arauez eta seriotasunaz mintzo da,  "botereak bere mesedera garrantzia gutxikotzat saltzen duenaren benetako garrantziaz". Bigarrenean, berriz, izenburuaren azken zatiari heldu dio, hau da, umorea boterea eta kontra boterea dela, eta biak, aldi berean. Hirugarrenean, umorearen mugak edo koartada gisa baliatzea landu ditu, "politikoki zuzena deritzogunaren tranpa". Laugarrenean, bertsolaritza abiapuntu hartuta, "tradizionalki maskulinoa bezain umoretsua" izan den esparru horretan publiko aurrean umorea egiteko zilegitasuna nork senti dezakeen. Azkenik, Umore berrietarantz goiburua duen bosgarrenak, azaldutakoaren aurrean Labakak egiten duen proposamena jasotzen du. 

Izenburua aurkezpenean egon den Egizabalek Erradikalak gara ikuskizunean egindako hitz joko bati zor diola argitu du Labakak, eta ikuskizun horretako zati batekin bukatu du bere hitza hartzea. 
“Behar bada amorruz,
haserre, orroka...
Baina umoretik egin 
dezagun borroka!”