Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko du Kukukak larunbat honetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 23a, 12:56
2019ko ospakizunetan, besteak beste, kale-antzerkiak egin zituzten Kukukako ikasle eta irakasleek.

Antzerkiaren aldeko aldarrikapenak mundu osoan zehar zabalduko dira martxoaren 27an, diziplina artistiko horren nazioarteko egunean. Lasarte-Oriara ere iritsiko dira, Kukuka antzerki eta dantza eskolaren eskutik. Indarrean dauden osasun-neurriak aintzat hartu, eta egoerara moldatutako egitaraua prestatu dute.

Astelehenetik asteazkenera, eguraldiak ahalbidetuz gero, normalean eraikinetan egiten dituzten antzerki-klaseak kalera aterako dituzte Kukukako irakasle eta ikasleek. 

Larunbateko ekintzak

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna martxoaren 27an ospatzen da, eta 2021. urtekoa larunbata izango da. Hori dela eta, egun horretarako ekintza ugari prestatu ditu Kukukak, Lasarte-Oriako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin:

  • 10:00etatik 11:30era, nerabe eta helduentzako antzerki-tailerrak egingo dituzte Sasoeta eta Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeetan.
  • 12:00etan, Martintxo euskararen bila ipuin antzeztua eskainiko du Xabi Terronesek, Sasoeta ikastetxeko gimnasioan.
  • 17:00etatik 19:00etara, Kukukako ikasle eta irakasleek emanalditxoak eskainiko dituzte Okendo plazan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekintza guztietako aforoa mugatua izango da, eta beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, telefono honetan: 655 84 73 45. 

Bideo-lehiaketa

Presentzialki ez ezik, Kukukak bideo bidez ere ospatu nahi du Antzerkiaren Nazioarteko Eguna. Horretarako, bideo-lehiaketa antolatu du. "Zuk ere parte hartzea nahi dugu: bakarrik, lagunekin, mozorrotuta edo gabe, hitz egiten, isilik, kalean, etxean...", zehaztu du. Animatu eta ikus-entzunezkoa grabatu nahi dutenek ekitaldiak@kukuka.eus helbide elektronikora bidali behar dute materiala.

Bideoa grabatzerakoan, kontuan hartu beharrekoen zerrenda partekatu du Kukukak. Honela dio:

  • Horizontalean grabatu behar dira ikus-entzunezkoak.
  • Gehien jota, bi minutukoak izan behar dute.
  • Bidaltzeko azken eguna apirilaren 5a izango da, astelehena.

Kukukak aurreratu duenez, bideoak egin eta bidaltzen dituzten guztiek "oparitxo berezi bat" jasoko dute; eskolak web-orrian zintzilikatuko ditu lan guztiak. "Jasotako bideo guztien artean, Kukukako irakasleek bat aukeratuko du; sari berezia jasoko du irabazleak".