Garaipena lortu du Ostadar SKTk Eskoriatzaren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 23a, 14:50

Ostadar Saskibaloiko senior taldeak garaipenarekin ekin dio txapelketa berriari. 63-47 irabazi dio Eskoriatza taldeari Maialen Chourraut kiroldegian jokatutako norgehiagokan. 

Urriaren 18an, azken partida ofiziala jolastu zuen Ostadar Saskibaloi taldeko seniorrak. Bost hilabeteren ostean, lehiara itzuli da taldea urdin-beltza; aldaketa batzuk izan dira, ordea. Egun hamaika jokalari ditu Ander Otaegik zuzentzen duen taldeak. "Uxue Anabitarte Erasmus-etik itzuli da, Denis Suazok taldea utzi du eta Leire Belartieta eta Yaiza Navarro Europa aldean daude ikasten".

Horretaz gain, guztiak batera entrenatzeko aukera gutxi izan dutela nabarmendu du entrenatzaileak. "Ostiralean lehenengo aldiz guztiak batera entrenatzeko aukera izan genuen eta larunbaterako prest ginen".

Gorabehera horiei aurre egiten jakin du talde urdin-beltzak eta garaipena erdietsi du larunbatean jokatutako partidan.

Norgehiagokak ez zuen hasiera ona izan. Eskoriatzak erritmoa ezarri zuen lehen segundotik eta 2-8koarekin aurreratu zen. Lau minutu behar izan zituen Ostadar SKTko senior taldeak egoerara moldatu eta markagailuari itzulia emateko. Era horretara, laurden amaieran 16-12ko markagailua zegoen.

Bigarren laurdenean defentsa lan handia egin zuen Ander Otaegiren taldeak; erasoan, berriz, ez zuten euren jokorik egiterik izan. "Dena era indibidualean jokatu genuen, 1x1eko jokaldiak eta ez genuen asmatu.Taldean jokatzen ikasi behar dugu, baloia gehiago partekatzen. Egia da jokalari batzuk posizio berrietan jokatzen hasi direla, baina aste gutxi ditugu jokoa aldatzeko," onartu du entrenatzaileak. Gauzak horrela, atsedenaldira zapore gazi-gozo batekin iritsi zen taldea, 27-18.

Atsedenaldiko hitzek jokalariengan eragina izan zuten eta Ostadar SKTk laurdenik onena jokatu zuen. "Partida puskatu genuen". Talde jokoak hobetu, kontraerasoan saskiratzeak lortu eta defentsan zein errebotean nagusi izan ziren Ostadar Saskibaloi taldeko jokalariak eta 46-26 amaitu zuten laurdena.

Azken laurdenak, aldiz, jokalari guztiek minutuak izateko balio izan zuen eta bi taldeek saskiratze errazak lortzeko aukera izan zuten. 63-41eko markagailuak eman zion amaiera partidari.

"Lehen partidan garaipena lortzea beti da garrantzitsua. Hala ere, ez gaude guztiz gustura egindako partidarekin," adierazi du Otaegik.

Arerio zaila

Asteburu honetan, gainera, partida zaila du senior taldeak. Martxoaren 28an, igandearekin, Graficas Juaristi ZAST taldearen aurka jokatuko du, 18:15ean, Zarautzen.

"Urrian jokatutako partidan puntu batengatik lortu genuen garaipena, 42-43, 40 minutuko tentsio handiko partidan. Errebantxarako gogoa izango dute eta zaila izango da garaipena errepikatzea. Aste barruko entrenamenduak erabili behar ditugu ondo prestatzeko," jakitera eman du senior taldeko prestatzaileak.

Bestalde, Ostadar Sakibaloi saileko junior mailako errendimendu taldeak Goierri UZ Baleike taldearen aurkako partida jokatu zuen Urretxun. Endika Marrahiren taldeak ezin izan zuen arerioa garaitu, 78-56.