Hilerriko atarian jendea pilatzen joan da larunbat goizean ordulariaren orratzek eguerdia erakutsi duten arte. Orduan, ordezkari politikoak buru, eta haien artean Josu eta Andoni, Froilan Elesperen bi semeak zeudela, sarreratik hobira arteko bidea egin dute elkarrekin. Hilarri gainean zeuden lore gorri eta zuriei beste bi sorta gehitu dizkiete; bata, Iñaki Mugicak jarri du Lasarte-Oriako PSE-EEren izenean, bestea, Gipuzkoako alderdiko kideek.
Alderdiko ordezkaritza zabala bildu da oroitza ekitaldian, besteak beste, Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia, Euskadiko PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia, Gipuzkoako idazkari Nagusi Eneko Andueza, Jose Ignacio Asensio, Harkaitz Millan eta Rafaela Romero foru diputatuak edota Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxaso. Halaber, Jesus Zaballos eta Ana Urtxuegia alkate ohiak ere izan dira bertaratuen artean. Egon ez dena, berriz, Elesperen alargun Tomasi Pelaz izan da.
Eredua eta bizipena
Lore eskaintzaren ondoren, hitza hartu zuen Anduezak, alkatea eta lehendakariordea albo banatan zituela. ETAk 2001eko matxoaren 20an erail zuen tiroz zinegotzi sozialista Sasoetako taberna batean zegoela, eta 20 urte geroago haren irudia eta eredua gogoratzeak duen garrantzia nabarmendu zuen. [Oroitza ekitaldiaren bidez] "gure errealitatea eta gure errelatoa egiten dugu, ezinbestekoa da elkarbizitza sendo bat lortzeko". Denon egia, "salbuespenik gabe" ezagutzea oso beharrezkotzat jo zuen, eta eragindako minaren erantzukizuna aitortzeko eta barkamena eskatzeko "ausardia" izan dezatela eskatu zien "jazartzen gintuen inguru horren parte" zirenei.
Ildo beretik, alkateorde izandakoaren semeak "gizatasun eta soiltasun adibide onena" direla adierazi zuen eta "harro" sentiarazten duela sozialista eta haien gertuko izateak.
Elespe futbolzale amorratua zela eta, "albiste onak" ekarri zizkion Anduezak, izan ere, Reala apirilaren 3an jokatzekoa baita Kopako finala. Garaipena lortzekotan, "zalantzarik ez dut zauden tokian zaudela asko poztu eta errealzale gisa ospatuko duzula". Orainaldian esan zituen hitz horiek alkateorde izandakoa "presente baitago".
Adierazpenen ondoren, La Internacional abestu eta txaloekin bukatu dute ekitaldia. Iaz, itxialdia tarteko, etxetik egin zuten omenaldia. Aurten, berriz, pandemia dela eta, ez dute Froilan Elespe saria banatu.