Ipar martxako kideak, martxan apiriletik aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 18a

Arg.: Ostadar Ipar Martxa

Ostadar Ipar Martxa taldea bere ohiko jarduera itzuliko apirilean. Entrenamenduez gain, ekainera arteko irteerak zehaztu dituzte

Ostadar Ipar Martxa taldea Eguberri ostean martxan jarri zen arren, pandemiaren garapenak jarduera etetea ekarri zuen. Egun txertaketak hasi direla eta intzidentzia tasa baxua dagoela, entrenamendu eta irteerei ekitea erabaki du taldeak. 

Apirilaren 7an hasiko dira entrenamenduak.  Asteazkenetan, 19:00tan eta ostegunetan, 10:00tan bilduko dira Askatasunaren parkean saioak egitera.

Bestalde, ekainera arte egingo dituzten txangoak ere aurreratu dituzte.

Apirilean bi ordu eta erdiko ibilbidea egingo dute Txokoaldera. Hitzordua, apirilaren 24an, larunbatearekin 10:00etan da, Okendo plazan.

Txaldatxurreko lubakiak bisitatzera joango dira, maiatzaren 22an eta ekainaren 19an, berriz, Lasarte-Oriako mugak ibilbidea egingo dute. Azken txango horrek lau ordu irauten duen arren, nahi duenak ibilbide erdia egiteko aukera duela azpimarratu du Ostadar Ipar Martxa taldeko arduradunak.

Covid-19aren aurkako neurriak

Entrenamendu eta irteera bakoitza baino lehen, parte-hartzaileei tenperatura hartuko zaiela jakitera eman dute.

Gainera, kopuru txikiko taldeak egingo direla nabarmendu dute, baita talde bakoitzak arduradun bat izango duela ere. "Seiko taldeak egingo ditugu elkartzen garenean. Rosa, Junkal, Lurdes, Kontxi eta Begoña izango gara arduradunak eta eta jendeak arduradunek esandakoari kasu egin beharko du"

Guztia ondo joatea eta kideek jarduera ezberdinekin gozatzea espero dute arduradunek.